Zortzigarrena, garestiena

iMANOL MAGRO / Berria

EZKURRA 35

LIZASO 33

Iraupena: 89 minutu.

Saketik: 3 eta 5 falta Ezkurrak, Lizasok 3 eta falta bat.

Markagailua: 0-2, 1-4, 2-9, 5-11, 8-13, 9-16, 10-17, 11-18, 17-19, 18-20, 19-22, 20-23, 22-24, 27-24, 28-25, 29-26, 30-27, 30-30, 33-30, 34-31 eta 35-3.

Bestelakoak: Casino Kursaal Torneoko finala. 1.200 ikusle baino gehiago hurreratu ziren Hernaniko Galarreta Jai Alai pilotalekuraino. Apostuetako dirua 100-50i irten zen Koteto ezkurraren alde, diruak itzulipurdi ugari izan zituen partida guztian. Finalaren ostean, Galarretako jokalariek Olinpiar Jokoetan aritutako Asier Maeztu, Eva Mirones ea Naroa Agirre kirolariak omendu zituzten.

Koteto Ezkurra partida estu batean nagusitu zaio Iñaki Lizasori, Casino Kursaal torneoko finalean

Ikuskizun izugarria Koteto Ezkurrak eta Iñaki Lizasok atzo Galarretan eman zutena, Casino Kursaal buruz buruko erremonte txapelketako finalean. Partidak denetarik izan baitzuen, taxuzko final batek behar duen elementu guztiak: alternatiba markagailuan, tanto politak, hutsak, beroa, giroa eta emozioa, markagailu estuak dakarren emozioa.

Atzokoan, Galarretak, soilik arratsalde handietan bizi den giroa izan zuen: harmailak lepo, zurrumurrua apustularien artean, bero sargoria eta puruen keak sorturiko laino itxia. Giro pilotazalea, final giroa hain zuzen. Eta protagonistek ez zuten gutxiago nahi izan.Ezkurrak eta Lizasok benetako pilota erakustaldia eman zuten, buruz buruko jokoaren ikuskizuna eta dramatismoa bat eginik. Bertan, Ezkurrak hobeto eutsi zien kirioei, eta aurrelariak buruz buruko zortzigarren txapela lortu zuen, garestien saldu dioten txapela. Ezkurrak bere mitoa handitu zuen, Lizasok, ostera, Kotetoren aurkako hirugarren finala galdu zuen.Halere, Lizasok joko maila ikusgarria erakutsi zuen, sakearekin ez zen azken partidetan bezain fin ibili, baina lehen pilotakadarekin piloteoa behartzea lortu zuen. Nekeak gaina hartuzion arte, partidako azken txanpan bere pilotakadek ez zuten min bera egin. Defentsan dena eraman bazuen ere, tantoa bukatzeko garaian kamuts ibili zen, eta Ezkurra soken aurka eduki zuenean, ez zuen Doneztebekoa akabatzen asmatu.Ezkurrak, berriz, oso gaizki ekin zion partidari, oso urduri eta sakeak bata bestearen atzetik galduz; guztira bost. Partida luzatzeaz bat, Ezkurra konfiantza hartzen joan zen, urduritasuna uxatzea lortu zuen arte. Bere betiko joko bizkorrak zuzenean eraman zuen garaipenera.

Final perfektua

Perfektua, hori da atzoko partida deskribatzen duen hitzik egokiena. Final baterako idatzi daitekeen gidoirik onenetarikoa. Lehen tantoetan, Lizasok bere kolpearekin tartea irekitzea lortu zuen, tanto labur eta pilotakada erabakigarriekin, (2-9). Ezkurra ez zegoen eroso, asko lan eginda berreskuraturiko sakeak faltekin galdu zituen. Kotetok, gutxika, tartea murriztu bazuen ere, Lizaso osorik ageri zen, hasieran Ezkurraren alde dirua bota zutenen puruen punttak gorritu egin ziren.

Baina Koteto erritmoa hartzen joan zen heinean, finala estutuz joan zen. Lizaso defentsan ondo aritu zen, baina hori ez da nahikoa Kotetoren aurka eta 25-24koarekin Ezkurra lehenbizikoz jarri zuen aurrean markagailuan.

Faboritoak hiru tantoko tartea lortu zuen, 29-26, partidak azkena goiz izango zuela zirudien. Baina Lizasok bere azken hitza esateke zuen, eta errebotea bilatuz aurkariaren parera jarri zen 30-30. Finala berriro hasi zen, bost tantoko finala.

Azken txanpan, Ezkurrak burua hotz mantendu eta 33-30koa eskegi zuen. Baina Kotetok emozioa eman nahi izan zion, eta bi aldiz labaindu zen, Lizasori bi tanto oparituz. Atzelariak 34-33koa eskegi zuen, baina azken tantoko piloteoan, Lizasok kale egin eta pilota kontra kantxako egurrera bota zuen.Amaieran, bi pilotariek elkar besarkatu ziren, emozioa eta txaloak harmailetan. Kotetok zortzigarrena irabazi zuen; lortu duen txapelik garestiena.

Finalisten hitzak@:KOTETO EZKURRA (Txapelduna)

«Partidaren edertasunak, gaurkoa, nire garaipenik zoriontsuena bihurtu du»

Finala bukatu bezain laister Ezkurrak «izugarritzat» jo zuen finala, «nik ikusi dudan buruz buruko partidarik gogor eta ikusgarriena izan da». Partidaren inguruan hitz egitean, Ezkurrak, jokatzen «duela denbora asko ez bezala» gozatu zuela onartu zuen. Lehen zatian «gorriak ikusi» zituela zehaztu eta horrek zoriontsuago egin zuela onartu zuen. Iragan astean pasatako bronkitisarengatik bere errendimenduaren inguruan aireraturiko zalantzak ere gogoan izan zituen: «Astearen barruan esan dut eta mila bider esango dut: nik jokatzea erabakitzen badut sasoi maila egokian nagoelako da, eta ikusleei zor diedan errespetuarengatik,». Ezkurrak txapela bazkari on batekin ospatuko zuela zehaztu zuen.

IÑAKI LIZASO (Txapeldun ordea)

«Partida etengabeko pilotakada hartu-emana izan da, jada ez dago ezer egiterik»

Partida bukatu berritan, Iñaki Lizasok porrotaren frustrazioak aireratu bazituen ere, ez ziren falta izan Koteto Ezkurrarentzako esker hitzak: «Bera hobea izan da». Partidaren nondik norakoak azaltzean, berak partida «oso ona» egin zuela onartu zuen, eta bere hasiera «izugarria» goraipatu zuen. Baina partida luzatu ahala, bere jokoak behera egin zuela onartu zuen: «Partidaren erdialdera, nik txakalaldia izan dut, ez dut sakearekin asmatu eta bera hobeto jokatzen hasi da». Finalaren azken txanpa bi hitzetan azaldu zuen Lizasok: «Etengabeko pilotakada hartu-emana izan da». Gertu izandako garaipenaren inguruan, bere etsipena onartu zuen, baina berak esan zuen bezala, «jada ez dago ezer egiterik».

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE