Olaizola II.ak eta Otxandorenak zailtasun handirik gabe irabazi dute San Fermin Torneoko finala
IMANOL MAGRO / Berria
Iragan astearte gauez Iruñeko Labrit pilotalekuan jokatu zen San Fermin Torneoko finalak zapore gazi-gozoa utzi zien hara inguratu ziren ikusleei. Partidan ikusiriko tanto polit eta lehiatuek txalo zaparrada ugari eragin zuten harmailetan, ikuskizuna gutxi batzuen eskutik baino ikusten ohituta dagoen zalearentzat marrubizko gozoki handia. Baina finalerdietan egon zen lehia estua ez zen finalean ikusi. Otxandorenaren segurtasunak eta Olaizola II.ak tantoa aise bukatzeko izan zituen erraztasunek gatz eta piper guztia kendu zioten partidari.
Katedrak jakin badakiela esaten da, eta Labriteko kantxako eserlekua erosi zutenek berriro ere beraien zuhurtzia erakutsi zuten. Hasieratik 100-40ri Olaizola eta Otxandorenaren alde, bete-betean asmatu zuten. Mugaireko atzelariak finalerdian erakutsi zuen sasoi puntua egun bateko miraria ez zela izan frogatu zuen berriro. Piloteoan paregabe jardun zen, erasoan uneoro erakutsi zion elastikoko izena Lasa III.ari. Defentsan, berriz, pilota bakarra galtzeaz gain, ez zion inolako erraztasunik eman Gonzalezi airez sartu ahal izateko. Mugairiko atzelaria ondo jakinean zegoen azkaindarrak finalerdietan zer nolako ikuskizuna eman zuen. Hala, ez zion gantxoz sartzen utzi eta bere egin zituen Gonzalezek igandean jasotako txalo zaparradak. Aurrean Olaizolak Otxandorenaren lanak ezin hobeto baliatu zituen, goizuetarrak bere sasoi puntu hoberenean ez badago ere hirugarren koadrotik aurrera ez baitu barkatzen. Ostiralean guztira 18 tanto lortu zituen, gehienak Otxandorenaren lanak bideratu zituen Lasaren oparien osteko gantxo bidez. Besteak dejadak, moztuak eta zortez lortuak izan ziren. Ihes egindako pare bat pilotaren ostean Olaizolatar gazteenak barre egin zuen; txapeldunen zortea baino ez. Aurkariek, berriz, ez zuten finalaurreko mailarik erakutsi. Sebastien Gonzalez ondo aritu zen, eta Otxandorenak utzi zionean tantoa bukatzen asmatu zuen guztira zazpi, halere ezin izan zion eutsi finalerdiko kolpeari. Lasa aritu zen lauretan okerren, Etxarrikoa Otxandorenaren nagusitasunaren itzalean geratu zen. Gonzalezek nahi baino gehiagotan jaitsi behar izan zuen bosgarren koadrora.
Emozio gutxi
Partida bere osotasunean tanto askoren mailatik oso urrun gelditu zen. Irabazleek hasiera-hasieratik erabaki nahi izan zuten emaitza eta gogor hasi ziren 4-1. Gonzalezek jokoan sartu bezain laster tartea moztu zuen. 10-8koarekin lehiak bigarren zati erakargarri bat aurreikusten zuen, errealitatetik ezin urrunago. Otxandorena seigarren koadrotik gogor ematen hasi zen eta Lasaren ezinak Olaizolaren ikuskizunari atea ireki zion 18-10.
Urdinak 18-14 hurreratu zirenean, azkaindarrak txapa jo zuen eta bere hotsak iraulketa itxaropenak desegin zituen. Garaileek ez zuten tantorik onetsi, aise egin zituzten bukaera artekoak eta etxean eskegi zituzten San Ferminetako txapelak.
Olaizola II-otxandorena 22
Gonzalez-lasa III.a 14
Iraupena: 62 minutu, joko erreala 30.
Pilotakadak: 519.
Saketik: Olaizola II.ak 2 eta Gonzalezek 1.
Markagailua 2-0, 4-1, 9-5, 9-7, 10-8, 13-8, 15-8, 18-10, 18-12, 18-14, 20-14 eta 22-14.
Bestelakoak: EPELen Eskuz Binakako San Fermin Torneoko finala. Ikusleek Iruñeko Labrit pilotalekuko harmailak bete zituzten. Partidak Aspe eta Asegarce enpresetako bikoteek jokatu zituzten. Apustuetako dirua nabari irten zen Olaizola eta Otxandorenaren alde, 100-40ri hain zuzen.
Datua
18
Olaizola II.ak 18 tanto lortu zituen San Fermin Torneoko finalean: Saketik 2, dejada 1, airez 10, txapa gainean moztuak 1, atzean 2 eta zortez 2.