Luxuzko ordezkoa

Sebastien Gonzalezek eta Lasa III.ak San Fermin Torneoko finalerako txartela lortu dute

IMANOL MAGRO / Berria

Kirol esaera batek dio arrakasta lortzeko ezinbestekoa dela leku eta une egokian, egoera egokian egotea; bi hitzetan: aukerak, urriak badira ere, probesten jakin behar direla. Eta hori izan zen, hain zuzen, Sebastien Gonzalezek igande gauez egin zuena. Azkaineko aurrelariak Martinez Irujoren lesioa zela eta, San Fermin Torneoko finalerdia jokatzeko aukera eduki zuen, urrezko aukera zuku osoa ateratzen asmatuz gero.

Labrit jendez gainezka zegoen, telebista partida zuzenean ematen eta parean aurkari bikoterik beldurgarriena: Titin III.a eta Fernando Goñi, arratsaldez zezen-plazatik ihes egindako bi Mihuren pare. Asko irabazteko eta deus galtzeko, Gonzalezek bazekien. Arriskatu eta irabazi, ikusleen txalo zaparradak aldageletara lagundu zuten azkaindarra. Inor ez zen Irujoz gogoratu, Sebastien gau batez Labriteko kuttun bihurtu zen, txapeldunaren luxuzko ordezko hain zuzen. Aurreikuspenek, garaipenen estatistikek eta apustuetako diruak Titin eta Goñi jotzen zituzten faborito garbitzat. Eskuz Binakako txapeldunak partidarik galdu gabeak ziren martxoaren 14an eskuz binakako finala irabazi zutenetik, eta ostiralean beraien biktima zerrendan beste bi izen batuko zituztela zirudien. Aurrean, aldiz, sasoi puntu ezin hobean eta Irujoren ordez azken orduan sartu zen Sebastien Gonzalez eta Oskar Lasa. Etxarrikoa, joko bolada txar batean murgildurik iritsi zen. Baina kirola ez da beti matematika, ikuskizuna eta zirrara azken orduko gonbidatuaren eskutik iritsi ziren. Gonzalez jokatzeko gogoarekin kantxaratu zen, ezkerrarekin airez ezin hobe sartuz gantxo zein bolea, airez 11 tanto lortu zituen; dejadak, txapa gainean moztuak… Azkaindarrak mota guztiko erremateak egin zituen, azkenean 15 tantok bere sinadura eraman zuten. Titin, ordea, beste batzuetan baino kamutsago agertu zen. Bederatzi tanto egin bazituen ere, buruarekin ezezka ari zen Gonzalezen agintea ikusita.Bizkartzainen arteko deman ere, ezustea izan zen nagusi. Oskar Lasak berea duen eta azken hilabeteetan antzeman ez zaion grina atera zuen. Etxarrikoak, ahal zuen guztietan Titinen zabaleko gantxoak jasotzera joateaz gain, bizkarra erakutsi zion Fernando Goñiri partida osoan. Zubirikoa seguru aritu zen, baina ez zuen dominatzerik lortu.Irabazleen jokoak puntu beltz bakarra izan zuen: Gonzalezek pasatzen utzi ostean, Lasa iritsi ez zelako galdutako hiru tantoak txepelkeria handia dira profesional bikote batentzat. Gonzalezek eta Lasak indartsu hasi zuten partida, hasierako 0-5ekoaren ondoren 2-8koa lortu zuten. Sei tanto atzetik bazeuden ere, artekariek 100-60ri kantatzen zuten oraindik txapeldunen alde. Partidaren erdi aldera, Titin jokoan sartzen joan zen heinean, markagailua parekatuz joan zen. 18-19koarekin apustulariek lasaitua hartu zuten, hasperen laburra baino ez. Partida irabazteko Gonzalezek hasierako jokoa berreskuratu zuen. Azken lau tantoetatik hiru bereak izan ziren, 22koarekin besoak altxatu zituen; azkenean txalo zartek irria marraztu zuten bere aurpegian.

Gaur, San Fermin Torneoko finala (22:15 ETB1).

EPELen San Fermin Torneoak gaur ezagutuko du bere txapelduna. Labriten (22:15ean), Olaizola II.ak eta Otxandorenak, Sebastien Gonzalez eta Oskar Lasaren aurka neurtuko dituzte indarrak.

Finalean Aspe eta Asegarceko bikote bana arituko dira. Asegarceko bikoteak, Olaizola eta Otxandorenak alegia, Olaizola I.a eta Ruben Beloki kanporatu zituzten joan den larunbatean. Finalerdiko partidan Iñaki Otxandorena izan zen lauretan onena. Mugaireko atzelaria oso seguru aritu zen aurkarien pilotakada zaparradaren azpian, eta Aimar Olaizolak lasai joka zezan ahalbidetu zuen partida. Gaurko irabazleek iazko Xalaren eta Fernando Goñiren lekua hartuko dute San fermin Torneoko txapeldun bezala. 2003ko finalean, Lekuindarra eta Zubiriko atzelaria 22-5 nagusitu baitzitzaizkien Eugiri eta Barriolari.

GONZALEZ-LASA III.A 22

TITIN III.A-GOÑI III.A 18

Iraupena: 73 minutu, joko erreala 28.

Pilotakadak: 586.

Saketik: Titinek 3 eta Gonzalezek 1.

Markagailua: 0-3, 0-5, 2-5, 5-8, 8-10, 11-13, 11-16, 13-16, 16-18, 18-19, 18-21 eta 18-22.

Bestelakoak: EPELek antolaturiko San Fermin Torneoko bigarren finalerdia. Sebastien Gonzalez Martinez Irujoren ordez kantxaratu zen. Iruñeko Labrit pilotalekuko harmailak lepo bete ziren, ikusleek txalo zarta itxi batekin agurtu zituzten lau pilotariak. Apostuetako dirua 100-40ri irten zen Titin eta Goñiren alde, bukaera arte norabide berdina mantendu zuen.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE