«Eskuek uzten badidate, denbora asko iraungo dut joko maila altuan» Patxi Eugi

Lesioa sendatzeko udara osoan jokatuko ez badu ere, horrek ez du tristatzen. Hurrengo helburua hautatu duelako: lau t’erdikoa

Imanol Magro / Berria

Azken Eskuz Banakako txapelketan izugarrizko maila erakutsi ostean lesio batek atera zuen buruz burukotik. Iragan astean bi albisteren protagonista izan zen Agoitzeko jokalaria: ebakuntza egin behar izan zioten eta kontratua luzatu zuen. Eugik bazeukan zer kontatu.

Zer moduz eskuko ebakuntza?

Ondo nago, arazoa bukatu da eta orain. orbaina bizkor ixtea besterik ez da gelditzen. Mementoz, entrenatzen hasteko hilabete itxaron behar dudala esan didate. Ebakuntzaren ondorioz, eskuko min guztiak kendu zaizkit, iragan larunbat eta igandean ustekabean mina hasi zitzaidan, eskuko nodulo bat gaiztotu zitzaidalako. Infekzioaren aurretik hainbat egun neramatzan inolako minik eduki gabe eta larunbatean bat batean mina hasi zitzaidan, eskua izugarri handitu zitzaidan eta medikuarenera joan behar izan nuen.

Sendabide leunek ez dute balio izan, azkenean, ebakuntza egin behar izan dizute…
Bai, aurretik antibiotikoak eta hanturaren-kontrakoak probatu ditut, horiekin ez zitzaidan eskua handitzen eta lasai jotzen nuen pilota. Azken aldi honetan, aldiz, desberdina izan da: pilota jotzean hainbeste min ematen ez bazidan ere, pelota emateari utzitakoan minak jarraitu egiten zuen. Ebakuntza egin eta zortea izan dudala uste dut. Behingoz, gaiztotutako eskuarekin zortea izan dut.

Eskuz Banakakoaren finalerdietan Xalaren kontrako partidan ikusitako irudiekin argi zegoen larria zela .
Partida hartakoa desberdina izan zen, orduan eskuaren azpialdea handitu zitzaidan. Partida haren aurretik goiko aldea eta behatza baino ez zitzaizkidan handitu eta finalerdian dena puztu zitzaidan. Oraingoan, aldiz, pilotan jokatu ez, eta, azpiko aldea ere handitu egin zait. Medikuak azaldu zidanez, Barriolaren aurkako partidan [final-laurdena] noduloak isurketa eragin zidan eta memento berean sendatu ez nuenez, orain gogortu eta gaiztotu egin zait.

Eta orain errekuperazio garaia, hiru hilabete. Ez al zaizu luzea egingo?

Bi edo hiru hilabete izango dira. Dena den, nik pozik pasatuko nituzke berriro minik izango ez dudala ziurtatuz gero. Luzea egingo zait, noski! Hainbeste denbora jokatu gabe egotea, pena da, baina nik nahi dudana ahalik eta bizkorren osatzea da . Iragan astean 2008ra arte berritu zenuen zure kontratua. Pozik egongo zara, ezta?

Bai, benetan pozik nago. Urte eta erdi geratzen zitzaidan oraindik, eta, enpresak akordioa berritzeko aukera emateak poztu egin ninduen. Horixe zen nire nahia, kontratua luzatzea, alegia. Beti da pozgarria enpresak pilotariarengan konfidantza duela jakitea.

Azken Eskuz Banakakoak berebiziko garrantzia izango zuen akordioa luzatzeko?

Bai, txapelketa ona izan da, lau t’erdikoa oso ona izan zen. Bi txapelketetan eskuko arazoegatik ezin izan dut nire benetako maila erakutsi. Nire ustez, eskua ondo edukita, oraindik ere denbora askoan maila gorenean iraungo dut. Eskuek egoki errenditzea, horixe da gakoa.

2008an, 37 urterekin, oraindik ere errendimendu beteaz ikusten al duzu zeure burua ?

Ondo baldin banago bai, dudarik gabe. Nire ustez, ordura arte lesioek gehiegi izorratzen ez banaute, 2008a iritsiko eta maila altuan jokatzen jarraituko dut.

Zer moduzkoa da pilotari gazte belaunaldi berri hau, 32 urterekin ‘beteranoa’ zarenean?

Barren-barrenetik, euren adinekotzat jotzen dut neure burua. Jokatzen dudanean ez dut beraien adinean pentsatzean. Ni pilotan hasi nintzenean, kontrakoa gertatzen zitzaidan. Azken finean, bizitzak eskaintzen dituen kontuak baino ez dira.

Hiru hilabeteen ondoren, zer moduzko denboraldia dator hurrengoan?

Sekulako ilusioarekin, lau t’erdikoa ondo prestatzeko helburuarekin eta txapelketak jokatzeko gogoarekin, hori baita niri gehien gustatzen zaidana.

Bukatzeko, bitxikeria bat: ba al zenekien Foruzaingoak ez dituela bueltatu ez zure pilota, ez Artozkin utziriko beste gauzak?

Ez dute pilota bueltatu! Ezta artelanak ere! Horrek ez du etorkizun onik, ez noski. Gainera, dagoeneko, lanak asko aurreratu dituzte.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE