Gaur hasiko dira txapelketa ofiziala eta San Fermin Torneoa (ETB1, 17:00)
Berria
Nafarroak lau t’erdiko bi txapelketa izango ditu aurten, bata ofiziala, bestea San Fermin Torneoa izenarekin bataiatu dutena. Erraza desberdintzea, lehenengoan Frontis eta Besagaineko pilotariak jokatuko dute, bestean, aldiz, San Fermin Torneoan, alegia, Aspe eta Asegarcekoak.
Azken honek, alegia, pilota munduko enpresarik indartsuenak batzen dituenak, aurkezten du kartelik erakargarriena. San Fermin Torneoa Aspe eta Asegarcek EPELetik kanpoko enpresekin partidarik ez kontratatzearen erabakitik jaio da eta lehen edizio hau indartzeko biek ala biek sona handiko pilotarien izenak eman dituzte. San Fermin Torneoa bi adarretan garatuko da. Aspekoa gaur hasiko da Zarautzen (ETB 1 17:00), bertan Nagore eta Barriolak jokatuko dute. Irabazleak Martinez Irujorekin neurtuko ditu indarrak uztailaren 4an.
Asegarceko adarra larunbatean hasiko da; Esain iazko txapelduna eta Ruiz lehiatuko dira. Irabazleak, Olaizola II.aren aurka jokatu beharko du uztailaren 3an. Talde bakoitzeko irabazleak ez dira finalera arte gurutzatuko, hauek uztailaren 7an neurtuko dituzte indarrak Iruñeko Labrit pilotalekuan.Bestalde, txapelketa ofiziala, Nafarroako Gobernuak bultzatzen duena ere gaur hasiko da Orkoienen (17:00etan).Bertan Errandonea II.ak eta Gorritik sailkatu aurreko erronda bat jokatuko dute. Irabazleak Larraiaren aurka jokatuko du ekainaren 27an. Partida horretako irabazleak Armendarizekin neurtu beharko ditu indarrak lehen finalerdian. Beste finalerdia osatzeko adarrean, lehenik Errandonea eta Salaberria arituko dira. Garaileak Arretxeren aurka jokatuko du bigarren finalerdia. Final handia uztailaren 11n jokatuko dute.
Olaizola II.a-Zearra nagusi Javier Uria I. Omenezkoan
Olaizola II.ak eta Zearrak (22-11) irabazi zieten Berasaluze VIII.ari eta Belokiri Zeberion jokaturiko Javier Uria I. Omenezkoan. Irabazleek seinakoarekin apurtu zuten partida, hamalau tanto erreskadan egin zituztenean.