«Xalak lehendik dauka oinarria, baina horrela geldirik egon ostean…» Etxaniz

JOKIN ETXANIZ x ASPEKO KIROL ZUZENDARIA
Enekoitz Telleria / Berria

Biharko bi finalisten kirol arduradun nagusia da. Hurbiletik jarraitu du haien jarduna, eta onartzen du halako patxada-urduritasun sentsazio bat daukala. Kezkaren bat ere bai.

Lan berrian hasi eta igandean bigarren finala. Ez dago gehiago eskatzerik. Bere irribarreak aitortzen du hitzez esaten ez duena. Badaki finalak jokatzea zer den, ezagutzen ditu finalistak… Gutxi hura baino egokiagoak azalpenak emateko.

Azken orduko atzerapen, bihurritu eta gainerakoak kontuan hartuta, nola ikusten dituzu zure bi mutilak? Zertan aldatzen dute finala azken orduko horiek?

Uste dut Xala jokatzera irten behar bada ongi dagoelako dela. Finaleko egunera arte, ordea, ez dugu jakingo zer nolako eragina eduki dezaketen aurretik izandako gaixotasun eta bihurrituek. Alegia, geldirik egin dituen eta egin behar dituen egun horiek. Egia da Xalak lehendik badaukala oinarri bat, baina horrelako tarte handia entrenamendu gogorrik egin gabe… Ez dakit. Lehen egindako entrenamenduek eta jokatutako partidek balio dute, hori egia da, baina ez dakigu finalean geldiune hori nabarituko duen edo ez.

Izan ere, gertatu zaion guztia gertatu aurretik, konfiantza handiarekin ari ginen ikusten.

Xala konfiantzarekin dagoenean ikusten da nolako jokoa egiten duen. Edozertarako gai da. Orain, ez dakit. Zer zalantza dituen berak jakingo du ongien, baina saiatu behar du ahalik eta lasaien egoten. Lehendik eginda daukan horri eutsi, hori hartu behar du kontuan. Minik-eta sentitu ezean bete-betean jokatu dezala. Aukera paregabea da berarentzat igandeko hori.

Xalari ematen diozun gomendioa hori. Irujori zer esan diozu azken egun hauetan?

Hura, jokatzeko amorratzen dago. Partida batzuk jokatzen ari zarela, entrenamendu bat edo beste egiten ari zarela, hamabost egun berehala pasatzen dira. Kasu honetan, ordea, bere azken partida jokatu zuenetik finalera izugarrizko tartea dago. Partidetan ikusten da nola zauden, eta Irujok bere azken erreferentzia oso urruti dauka. Aimarren kontra ikusi zen bikain zegoela, baina denbora asko pasatu da ordutik: bost aste. Entrenamenduetan ongi ibili da, kolpeari eusten dio, eta hori da garrantzitsuena. Finalean ikusiko da geldialdia onerako edo txarrerako izan den, baina ez dut uste gehiegi eragingo dionik. Arazo fisikorik-eta ez du eduki, eta hori ere inportantea da.

Bakoitzak bere buruari nola eusten dion, beraz, gakoa. Finalak finalak dira; zuk badakizu.

Uf! Berezia da. Kantxan sartu eta sortzen diren hotzikara horiei eustea… Bakoitzaren arabera dago. Pilotari bat egon daiteke aste osoan oso lasai, baina hona [kantxara] irteten zarenean… hau beste gauza bat da. Jendez gainezka dena, garrasika denak… Hasierako tantoetan urduri egotea normala da, baina hasierako tanto horiek dominatzea izango da oso garrantzitsua.

Zu zeu, lasai etorriko zara edo urduri jarriko zara?

Alde batetik lasai, bi pilotariak direlako Aspekoak. Beste alde batetik, ordea, urduri. Pilotariak euren maila emango ote duten zalantza horrekin. Norbait bereziki gaizki ari dela ikusten badut orduan jartzen naiz urduri. Biak ongi ibiltzen badira, partida polita izango dela ziur.

Epero zenuen final hau?

Ez nuen inolaz ere espero. Txapelketa hasten denean beti izaten dituzu faborito batzuk buruan, baina bi hauek ez zeuden horien artean noski. Irujok gora egin du nabarmen, batez ere, hasieran egindako entrenamenduak kontuan hartzen baditugu. Hasiera batean ez nuen pentsatzen finalera iritsiko zenik, ge-ro… Xalak beti izan ditu dohainak buruz buru aritzeko. Bagenekien aurrean ibiltzeko aukerak bazituela, baina finalera iristea oso zaila da.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE