Aurtengoa ere ez!

Eskuz Banakako finala ez da bere egunean jokatuko; astebete, ekainaren 13ra, atzeratu dute Xalak gastroenteritisa daukalako
Enekoitz Telleria / Berria

Gertatu izan dira handiak pilotan, baina behin pilota aukeraketa eguna iritsitakoan ziurtzat ematen da finala edo partida, dena delakoa, asteburu horretan jokatuko dela. Uste horrekin joan ziren hainbat pilotazale atzo eguerdian Donostiako Atano III.a frontoira, baina pilota aukeraketak ere ez du mugarritarako balio jada. Ez zen pilota aukeraketarik izan. Ez zen agertu Irujo, ez zen agertu Xala, pilotazale mordoxka bat bai, artekariak ere bai, sarreren bila joandakoak ere bai, Patxi Mutiloa Aspeko gerentea, Ibon Arakistain prentsa arduraduna… «Ez dago pilota aukeraketarik, eta ezta finalik ere igandean». Ekainaren 13ra atzeratzen dela, geroago berretsi zuen EPELeko epaile bakar Borja Osesek.

Gastroenteritisak harrapatu du Xala. Goizeko ordu txikietan goitika eta behetika Lekuineko gaztea larri (04:00). Ohetik komunera eta komunetik ohera. Ladutxe aholkulariari deia negar zotinka (08:00). Hura ez dela gai pilota aukeraketara joateko. Ladutxeren deia Mutiloa gerenteari (08:30). Mutila gaizki daukala eta bidaltzeko enpresako medikua, familiakoa bidean doala. Aspeko agintarien lehenengo erabakia: pilota aukeraketa bertan behera uztea. Atano III.eko atarian Mutiloa Urrutia medikuak noiz deituko zain. Iritsi da hura Lekuinera, Ladutxek bidea erakutsita. Egin dio azterketa eta egin du diagnostikoa: gastroenteritisa dauka, beherakoa, sukarra… 72 orduko atsedena behar du. Tratamenduan jarri dute antiemetiko eta antitermikoekin; dieta eta ura. Deitu dio medikuak Mutiloari, esan dio pilotaria ez dagoela igandean jokatzeko moduan, eta medikuaren agiriarekin batera, finala astebete atzeratzeko eskaera aurkeztu dute EPELen. Arratsaldean erabakia: finala, ekainaren 13an.Xalaren aita eta ama ere tripetakoarekin ibili dira azken egunetan eta haiengandik jaso du gaitza semeak nonbait. Joan den asteartean egindako entrenamenduaren ostean ere adierazi zuen Xalak nekatuta sumatzen zuela bere burua. Bi egunez atseden hartu ondoren, ordea, berriro entrenatzeko prest agertu zen atzo Xala. Irujo kontrarioak, aldiz, atzerapena onartzea «beste erremediorik» ez duela argitu zuen, eta entrenatzen jarraitu beharko duela.Aspek, hori bai, igandean Donostian eman beharreko jaialdia Zarautzen emango du (17:00).

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE