«Igandean ez naiz hilko frontoian, baina urduri egongo naiz oso» Xala

Ives salaberri ‘xala’ x ASPEKO AURRELARIA Enkoitz Telleria, Berria
Patxadaz ari da, itxuraz. Gutxitan bezala, umorez. Kontrarioaren bizkar gainean jarri nahi du zama. «Gozatzera» irten nahi duela, baina ez dakiela lortuko duen. Ardi larruz jantzitako otsoa dirudi.

Atano III.eko eserlekuetan egin digu harrera. Izerdi patsetan oraindik, Arizmendirekin saioa bukatu berritan. Konfiantza eta urduritasuna batera agertuz nahastu gaitu.

Irujoren kontra berriz, baina finalean. Biontzat da lehenengoa.

Badakit partida zaila daukadala, gogorra. Ezin diot oparirik egin. Bi edo hiru opari egiten badizkiot, maldan gora jarriko zait partida. Nire jokoa egin behar dut, tantoa luzatu, gogortu, eman eta eman aritu.

Gernikan elkarren kontra aritu zineten. Zer ikasi zenuen partida hartatik, zer ondorio atera dituzu?
Nik Gernikan ez nuen gaizki jokatu. Partida txukuna irten zen. Hori bai, pare bat opari egin nuen eta ihes egin zidan partidak. Irabazi nahi badut, ezin ditut akats horiek errepikatu.

Nerbioek izango dute zer esana.

Finalak beti dira bereziak. Buruz burukoa ez dut sekula jokatu, baina binaka aritu nintzen eta ikusi nuen berezia izaten dela. Dena da ezberdina. Nerbioek zeresan handia izango dute; ea lasai jokatzen asmatzen dudan.

Hasi zara nabaritzen horrelako final batek berarekin dakarren presioa?

Ez, oraindik ez. Entrenatzen ari naizen bitartean ez dut horretan asko pentsatzen. Igande goizean akordatuko naiz, jaikitzen naizenean: ‘Igandea duk eta finala daukak, hoa frontoira’. Horrelakoetan hasten dira tripak soinu arraroak egiten. Ez naiz geldituko frontoian hilda, baina urduri egongo naiz oso.

Aimar Olaizolaren kontra aritu zinenean nahiko ongi asmatu zenuen nerbioei eusten, ezta?

Bai. Lehenengo tantoak gogorrak eta luzeak izan ziren, eta hori niri ongi datorkit, partidan sartu ahal izateko. Behin horrela hasita, nerbioek ihes egiten dute.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE