Biribila

E. Telleria, Berria
ASPEREN DENBORALDIA. 2003-04an EPELek antolatu dituen txapelketa ofizial guztiak irabazi ditu Eibarko enpresak
Batean bale eta bestean kale dabiltza enpresak azken bi denboraldiotan, eta baleko guztiak Asperentzat izan dira 2003-2004an. Ez dago hori atzera botako duen teoriarik, zalantzan jarriko duen galdera ikurrik. EPELek antolatu dituen txapelketa ofizial guztiak irabazi ditu Eibarko enpresak irabaziko ditu, ekainaren 6ko Eskuz Banakako finala ez baita oraindik jokatu.

Udako jarduna amaitzearekin bat hasi ohi da denboraldia ofizialki. Lau t’erdikoa izaten da txapelketen artean lehenengoa, eta bi pilotari sartu zituen Aspek azkenekoan: Jorge Nagore eta Augusto Ibañez Titin III.a. Lehenengoa nagusitu zen, inor gutxik espero zuela, eta Asegarcetik etorritako pilotaria izateak eman zion txapel hari halako kutsu berezi bat.Eskuz Binakakoa izaten da hurrengoa, eta Aspek bi bikote sartu zituen finalean: Titin III.a-Goñi III.a eta Irujo-Lasa III.a. Bere estreinakoan finalera Irujo, gerora eman duen guztiaren lehen zantzuak, eta finala Titin III.a-Goñi III.arentzat. Asegarcekoak kezkatzen hasita jada, eta Eskuz Banakakoa hurrengoa. Belokiren lesioa izan zen lehen buruhaustea haientzat, eta finalerdietako ligaxkan Olaizola II.a sartu zuten bakarrik. Joan den igandean galdu zuten azken aukera. Beste final bat, beste txapel bat, Asperentzat. Izaten dira horrelakoetan sari txikiagoak ere: 2. Mailakoak. Baina haiek ere Eibarko enpresarentzat izan dira guztiak. Galarza V.arentzat buruz burukoa, eta Txafee-Laskurainentzat binakakoa.Zoriona eta zoritxarra auzoka joatean dira horrelakoetan, hala ere, eta aurreko denboraldian Asegarcek oraingoan Aspek egin duena egin izana horren seinale. Olaizola II.a, Koka-Beloki, Ruiz, Peñagarikano eta Beloki II.a-Pinedo izan ziren txapeldunak. Gogoan hartzekoa.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE