Kontrakantxatik x JUAN INAZIO ZULAIKA
Aimar Olaizola faboritoa zen igandean Xalaren kontra jokatu behar zuen neurketan. Aimarrek baino huts egin zuen, huts nabarmena. Txispa falta omen zitzaion aurtengo Aimarri, txispa besoan. Irujoren aurka ez genuen Aimar ikusteko aukerarik izan, hego haizeak orbelarekin egiten duena egin zuen Irujok Aimarrekin, harat-honat, jolasean ibili; hain justu, iaz Aimar Olaizolak aurkariekin egiten zuena.
Xalaren aurka bai izan genuela aukera Olaizola II.a ikusteko. Agerian geratu da Aimar ez dela iazkoa, Xala iazkoa ez den bezala. Aurreko egunetan berak zioen bezala, txisparik gabeko pilotaria dela aurten begi bistan geratu da. Txisparik gabekoa ez beso bakar batean, bi besoetan baizik, zangoetan, gerrian, txisparik gabeko gihar guztietan. Batik bat, txispa berezi bat falta zaio, txip-a hobeto esanda, buru barruan kokatuta dagoena, konfiantzarena. Iaz konfiantzaz gainezka zebilen, aurten txispa falta zaio. Irujo konfiantzaz gainezka dabil, txispaz, zer esanik ez. Barriolak iaz galdu zuen konfiantza, Aimarren aurka 22 eta 3 galdu ostean, geroztik ez du txisparik errekuperatu. Pilotariaren errendimendua ez da lineala, mendi zerraren itxuratik gehiago du. Iaz Aimar, duela bi urte Barriola, biak hanka punttetan jarri eta behatz puntekin zerua ukitzeko gai ziren. Euren jokoak lur honetakoa baino beste galaxia batekoa zirudien. Beloki eta Eugi gogora etortzen zaizkit. Belokik lehendabiziko txapela atera zuenean bazirudien Retegi II.aren palmaresa birrinduta geratuko zela… Itsas goran itsasontzi guztiak handiak ikusten ditugu eta, berehala, magnifikatzeko joera indarrean jartzen zaigu.«Toreatu behar da gorputza sentitu gabe», Belmontek esana. Joan den urtean Aimarrek sentsazio hori ematen zidan, oinak zumezkoak, zorua ukitu gabe mugitzen zela une egokian leku guztietara iristeko, pilota zailik ez, guztiak gozatuz, min hartuta beso batean gauza izan zen Belokiri irabazteko. Aurten burua, buru barruan kokatuta dagoen talentua ez da kanporatu aurten Irujoren txanda da. Misterioa da kirolari baten gora beherak, derrepente den-denak bat egiten du eta sortzen denak magiaren itxura hartzen du. Konfiantzaz gainezka pilotaria. Soinu txiki arraro bat Aimarren makinariaren barruan nahikoa izan da belarrik tente jartzeko eta konzentrazioa galtzeko, txispa ala konfiantza galtzeko. Iaz sailetik kanpo ibili zena, sailera itzuli da. Ongi etorria ostera sail horretara, bosten kluba zena zazpirena bilakatu dena: Barriola, Eugi, Ruiz, Beloki, Olaizola II.a. eta Irujo eta Xala. Merezimenduz iritsi da Xala finalera, behe-behetik hasita gainera, are gehiago. Ezustekoa eman digu pilotazaleoi, ez bere botileroari, Ladutxeri. Iragarri zuen urrun iritsiko zela Xala Manomanistan, baita asmatu ere. Zaldi ona Ladutxek hartu zuela dudarik ez egin, hala ere, zaldia entrenatu egin behar da. Konfiantza eman, bere buruarengan konfiantza. Irujok aurten soberan daukana; Barriolari eta Aimarri falta zaiena.