Irujo eta Xala jarri dira jada ekainaren 6ko finalari begira

Berria
Nafarrak entrenamendua du gaur Donostian; lapurtarrak bihar edo etzi.
Ives Salaberri Xala-k lortu zuen herenegun Eskuz Banakako Txapelketako finalean aritzeko jokoan zegoen azken txartela. Ondorio asko dakartza horrek: Aspeko bi pilotari arituko direla berriro final batean denboraldia finalik jokatu gabe amaituko du Asegarcek, 1997tik lehen aldiz ez dela nafarren artekoa izango finala, Iparraldeko pilotari batek lehen aldiz izango duela Manomanistako txapela janzteko aukera, eta, guztien artean praktikoena: ekainaren 6an jokatuko dela finala. Xalak garbi adierazi zuen Olaizolaren kontrakoa bukatutakoan ez zeukala atzerapenik eskatzeko asmorik. Eskuin eskua behartu zuela asko samar ez da harritzekoa, behin eta berriz sartu zen boleaz esku horrekin, baina ez duela atseden apur batek konpontzen ez duen ezer, eta, aspaldian aurreneko aldiz, aldez aurretik ezarritako egunean jokatuko da Eskuzko Pilota Enpresen Ligak antolatutako txapelketa baten finala.

Eta jarri dira bi finalistak egun horri begira. Duela astebete hasi zen Juan Martinez de Irujo txapelketan, hori bai, martxoaren 27tik ari da Iberoko aurrelaria. «Gustura» ari dela aitortu zuen herenegun, ez zaiola horren astuna ere egiten ari prestakuntza, baina badakiela azken astea izango dela berarentzat «gogorrena». Gaur arratsaldean Donostiako Atano III.a pilotalekuan aritzekoa da. 15:00etatik 17:00etara hartu du frontoia.Xala kontrarioa ez da horren garaiz hasiko. Atseden hartu zuen atzo berarekin eta Panpi Ladutxe botileroarekin harremaneten jartzea ez zen lan erraza izan, atseden hartuko du gaur, eta bihar edo etzi dauka Donostiara joateko asmoa, finalari begira bere lehenengo entrenamendua egiteko.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE