Barriolaren erabaki taktikoak

Lehendabizi  zorionak Aimar Olaizolari finalerako txartela lortu duelako. Zorionak baita Barriolari, partidu bikain bat ikusteko aukera eman zigulako. Atzoko partiduaren ondoren, galdera bat bururatu zait: ezinezkoa ote zen Barriolak Olaizolari irabaztea?  Barriola da atzelari trebeena lau t’erdian. Beharbada azken hogei urteetan izan den trebeena distantzia horretan. Baina aurrelari bikain bi tokatu zaizkio aurkari moduan, Olaizola eta Irujo. Hori horrela izanik, Barriolak zerbait ezberdina egiten saiatu behar da aurkari hauei aurre egiteko. Horretarako aukerarik izan al zuen larunbateko partiduan? Beharbada bai.

Olaizolaren jokoa bereziki lau t’erdira egokituta dago. Esan daiteke pilotari guztien artean bera dela teknikoki lau t’erdiko esparrua ondoen aprobetxatzen duen pilotaria. Bere arma nagusia ezker gantxoa da, bai erasorako erabiltzen duenean, baita defentsan ere. Defentsan bereziki,  aurreko hormatik erdi altuerako pilota guztiak harrapatzen ditu eta defentsako mugimendu horrek erasoa hasteko aukera ematen dio.

Olaizolaren estrategia ezabatzeko Abelek bi jokaldi erabili zituen. Pilota frankoa zuenean barrurantz jotzeko, motzean jokatzen zuen, Olaizolak gantxoa jotzeko aukerarik izan ez zezan. Noizean behin ordea, zabalera jotzen zuen, baina luze, kantxan hutsuneak zabalduz. Sakatzerakoan ez zuen taktika berdina jarraitu. Sake guztiak zabaletik barrura egin zituen. Zer gertatuko ote zen sake batzuk barrutik atera baldin bazituen? Barrutik ateratako sakeak jokoaren norabidea aldatu egiten du. Larunbateko partiduan Barriolak jokaldi hau Olaizola behartzeko erabili zezaken, baina ez zuen horrela egin. Ez dakigu zergaitik. Beharbada saiatu zen entrenamenduetan eta ohiko bidea zela onena erabaki zuen. Gainera, barrutik ateratzerakoan ez du zertan beti zabalera atera behar, barrura ere atera dezake sakea. Baliteke hurrengoan Abelek galdera honi erantzuna ematea.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE