Gaur hasiko da, Hernaniko pilotalekuan, II. BERRIA pilota txapelketa; Ezkaraiko eta Mallabiko taldeek jokatuko dute
Berria
Iazko txapelketaren arrakastari helduta, aurten ere, Urnieta, Usurbil, Hernani eta Altzako pilota elkarteek kluben arteko Berria txapelketa jarri dute abian. Bigarren aldi honetako lehen pilotakada hotsak gaur gauean entzun ahal izango dira (22:00etan), Hernaniko pilotalekuan.
Txapelketaren helburuetako bat Euskal Herriko taldeak batzea da, baina antolatzaileek ez dizkiete itxi nahi izan ateak kanpoko elkarteei. Hori horrela, Ezkaraiko taldea Euskal Herritik kanpoko partaide bakarra izango da lehenengo jaialdiko protagonistetako bat. Gaur gaueko kanporaketan Errioxako elkartea Mallabiko taldearen aurka ariko dira. Jaialdiko lehen partidan, kadete mailakoan, hain zuzen, Ezkaraiko Gorka eta Merinok Olalde eta Garitagoitiaren aurka jokatuko dute. Jubeniletan, berriz, Pirri eta Zeziliok, Urberuaga eta Aldaperekin neurtuko dituzte indarrak. Nagusien mailan, ostera, Matute IV.a eta Merino Martin II.arekin eta Solozabalekin ariko dira. Aurreikuspenek bizkaitarrak jotzen dituzte faborito, batik bat Mallabiko taldeak jubenil mailako bikote oso indartsua batu duelako. Dena den, ezin da guztiz baztertu errioxarrek ezustekoa eman ahal izatea.
Berria txapelketako bigarren kanporaketa, berriz, bihar arratsaldean jokatuko dute (17:00), Aginagako pilotalekuan. Han, Ortuellako Danok Lagunak taldeko seikoteak Lizarrako San Miguel elkarteko partaideen aurka jokatuko du.
Kadete mailako partidan, Martinez eta Velasco bizkaitarrek Fraile eta Peñasekin neurtuko dituzte indarrak. Jubenil mailako norgehiagokan, aldiz, Santa-Ibarra eta Maestresalas-De la Cruz ariko dira nor baino nor gehiago. Jaialdiko azken partidan, Lopez Aldaik eta Tejerok Balerdi eta Keralt izango dituzte aurkari. Ziurrenik, nagusien partidak erabakiko du kanporaketa hau.
Asteburu honetako azken kanporaketa, berriz, igande goizean jokatuko dute (10:30), Donostiako Altza auzoko pilotalekuan. Han, Leitzako Aurrera taldea Azkoitiko Anaitasuna elkarteko seikotearen aurka ariko da.
Igandekoak beharko luke asteburuko kanporaketarik estuena, bi elkarteek talde indartsuak eratu baitituzte. Jaialdiko lehen partidan, Sagastibeltza-Madariaga leitzarrak eta Epelde-Epelde azkoitiarrak egongo dira aurrez aurre. Jubenil mailakoan, Iraolak eta Iriartek Goenaga eta Andreu izango dituzte aurkari. Jaialdiko azkenekoan, nagusi mailakoan hain zuzen, Onsalok eta Beteluk Larramendi eta Zapiriainekin neurtuko dituzte indarrak.