Aitor Zubitea. Garazi Mtnez Suarez argazkia
Naroa Mtnez Suarez
Aitor Zubieta
1984-03-29, Etxarri-Aranatz
Eskuz banakako txapelketan Yves Salaberri “Xala”ren botilero
Belauneko lesiotik irten berria zaude. Nola ikusten duzu zure burua? Lesioaren aurreko mailan zaudela uste duzu?
Ba egia esan ondo ikusten dut nire burua. Kosta egiten da belauneko ebakuntza baten ondoren konfiantza berreskuratzea baina frontoian ordu asko sartu ondoren uste dut berriz ere puntu onean aurkitzen naizela.
Zer desberdintasun dago txapelketa batean pilotari izatetik botilero izatera?
Tentsioa eta presioa ez dira horren handiak edo behintzat ezberdinak. Botilero moduan kanpotik ikusten da partida eta nire lana bere akatsak zuzendu eta aurkariaren puntu meheak aurkitzea da. Eta partidu osoan zehar gidoia gogoraraztea.
Frontoiko zein aldetan pasatzen da urduritasun gehien?
Jokatzen ez da urduritasuna sentitzen, behin partidua hasita. Botilero moduan pixkat gehiago sufritzen da, kanpotik dena errazago dirudielako.
Binakako txapelketan konpenetrazio ona izan zenuen Yvesekin eta txapela eskuratu zenuten, oraingoan, lehenengoz izan zaitu aulkian eta dagoeneko finalean da lekuindarra. Non dago sekretua?
Sekretua bere momentu onean dago, binakakoan biak puntu onean geunden eta konpenetrazio ona izan genuenez emaitza hor dago. Eta eskuz banakoan bera konfiantzaz beterik dagoenez, erraz egiten ditu gauzak.
Nola adostu zenuten Yvesn botillero izatea?
Nik belaunan ebakuntza egin eta jokatuko ez nuela jakin zuenean eskatu zidan bere botilero izatea nahi zuela. Eta ni gustura.
Gaur egun, eztabaida handia dago botileroaren rola zein izan behar duenarekin. Zure ustez, zein izan behar du zuen papera?
Botileroak kanpotik ikusten du partida eta egia esan oso ezberdin ikusten da, jokatzen ikusten edo ohartzen ez zaren gauza askoz konturatzen zara eta pelotariari ikuspuntu horiek jakinarazi eta partiduaren gidoia gogoratzea da gehienbat, hortik aurrerakoak bakoitzen sekretuak dira. (Barre egiten du) Baina argi dagoena pelotariak duela meritu dena, botileroak mentalki lagundu eta taktika gogorarazi egiten du gehienbat.
Laguntzen den pilotariak partidu bat irabaztean, garaipenaren parte sentitzen al da botileroa? Eta galtzen denean?
Beti sentitzen zara lortutakoaren parte, galdu edo irabazi. Hori normala da, astez partiduaz hitz egin eta gogoz prestazen saiatzen zarelako, ez fisikoki, baizik eta taktikoki. Ez baduzu gero sentitzen asko inplikatu ez zaren seinale. Horrela ez balitz ez nuke botilero lanik eginen.
Nola ikusten duzu Xala finalaren aurrean?
Oso ondo, erabat mentalizatua, nahiz eta oraindik ez duen erabat murgildu bere burua finalean, badago denbora hurrengo egunetan gauzak prestatzeko. Orain egun pare bateko deskantsua.
Eta zure burua?
Ni lasai nago, partida aurretik koskileorenbat izanen da baina etxetik lanak ondo eginda eramaten baditugu ez da zertan larritu.
Orain arte, zuk egin duzu Xalarekin botilero papera. Ikusten duzu aurrerantzean paperak aldatuta ere elkarrekin aritzea?
Egia esan ez dugu horretaz inoiz hitz egin, ni nireakin gustura nago baina sekula ezin da jakin, aurrerantzean beharbada izan daiteke…
Bergaran badago Reyes botilera lanetan. Nola ikusten dituzu emakumeak paper horretan?
Gizona edo emakumea izan ez du axola, pelotaria gustura badago eta konfiantza badu beregan.
Etxarrin, Gure Pilotako umeen begirale ibiltzen zara. Horiekin ere botilero lanak betetzen dituzu?
Bai, aspalditik egiten dut botilero lana etxarriko nire klubekoekin.
Uste al duzu afizionatu mailan, bereziki gazteenekin, botileroaren beharra dagoela?
Botilero beharra ez dakit, baina beti dator ondo.
Amaitzeko, finalerako pronostiko bat egiten animatuko zinateke?
Egia esan ez da erraza izanen, biak lagun handiak ditut eta pilotari bikainak izateaz gain, momentu bikainean daudelako baina 22 eta 17 Xalaren alde.