Gara
Olivier Larretxeak, Patrick Ozafrain lagun duela, Patrick Ibarrolaren eta Paxkal Ezkurraren aurka jokatuko du berezkoen EPB Elite Proko finala, bihar arratsaldean, Donibane Garaziko trinketean. Norgehiagoka hori, gainera, Euskal Telebistak zuzenean emango du. Zuraideko aurrelariak garbi du final estua izango dela, eta ez dagoela faborito garbirik. Hala ere, Bankako txapelduna lagun izanda, askorentzat beraiek dira faborito.
Olivier Larretxea prest dago biharko finalerako. Nahiz eta ez den betiko final ofiziala, beretzat EPBren Binakako horrek besteak duen garrantzi bera duela argi eta garbi utzi nahi izan zuen aurrelariak.
Nolakoa izango da, zuen ustez, larunbateko finala?
Finala bortitza izango dela seguru nago. Berek sasoiko daudela erakutsi dute. Finalerdietan bi partida nahikoak izan zituzten aurrera egiteko; ez zuten hirugarrenaren premiarik izan. Garbi dago oso partida zaila izango dugula.
Berek zuek baino aste bat gehiago izan dute atsedenerako, baina zuek lehiaketako erritmoa jarraitu duzue. Zer da hobea?
Horrela begiratuta, astebete gehiago atseden izatea hobea da, baina egia da ere bai askotan geldirik egotea baino hobea izaten dela erritmoa jarraitzea. Gainera, partida irabazita ere, errekuperazioa azkarragoa eta errazagoa izaten da, eta uste dut ongi izango garela bihar.
Txapelketa hasi aurretik, askoren ustez, zuek zineten txapela janzteko faboritoak. Zuk ere horrela ikusten al duzu?
Nik alderantziz uste dut, niretzat Ibarrola eta Ezkurra baitira faborito, baina, azkenean, uste dut erdi eta erdi egongo dela, eta larunbatean bertan ikusiko da zein den gehiago.
Eta zu sasoi onean harrapatu al zaitu final honek?
Bai. Iaz baino askoz hobeto nago, eta oso gustura nabil. Ez daukat inongo minik, eta forma onean nago. Horrela jarraitzea espero dut.
Patrick Ozafrain atzean lagun izateak ere segurtasun handia eman behar du, ezta?
Ozafrain pilotari handia da, eta ongi ezagutzen dugu elkar. Gainera, elkarrekin ontsa konpontzen gara, eta txapelketa batean garrantzitsua da bikoa ongi moldatzea.
Finalerdietako hiru partidak oso gogorrak izan dituzue, batez ere azkenekoa.
Larunbatekoa ikaragarria izan zen; bi oren laurden gutxi aritu ginen pilotan, eta bietako edonork irabaz zezakeen norgehiagoka horietakoa zen. Azkenean, guk irabazi genuen, eta hobe guretzat.
Ibarrola eta zu botearekin oso ongi moldatzen zarete. Jendeak dio sakeak sekulako garrantzia izango duela. Zuk ere horrela uste al duzu?
Normalean zuloa hor egin behar da, eta akaso botetik kintze gehien egiten duen bikoak eramango du txapela, baina ikusiko dugu. Garbi dago Ibarrolaren sakeak oso bortitzak direla, eta haiek ahalik eta ongiena erantzuten saiatu beharko dugu.
Non ikusten diezue zuloa Ibarrolari eta Ezkurrari?
Ez da erraza bi horiei zuloa topatzea. Bi pilotariak handiak dira eta jotzaile oso onak. Mugiarazi egin beharko ditugu aurrera eta atzera. Komeni da Ibarrola atzean ibiltzea, bestela amaiera aldera pare samarrean baldin bagara, aurrean Ibarrolak azkar finituko du kintzea.
Final handi gehienak Moderne-n jokatzen dituzue, baina oraingoan Garat-en izango zarete. Hori ongi ezagutzen duzue, eta ez du aitzakiarik, ezta?
Trinkete zahar horietakoa da, eta oso ederra da. Uste dut lau pilotariok ongi ezagutzen dugula elkar eta festa ederra izango dela larunbatean.
Akaso Moderne baino Garat nahiago?
Beno, egia da jendea askoz ere gertuago sentitzen dugula Donibane Garazin Baionan baino, baina biak dira trinket onak.
Larunbateko finala Euskal Herri guztirako emango du ETBk. Hori trinketeko esku pilotarako berri oso ona da, ezta?
Jean Michel Idiartek lan handia egin du telebista ekartzeko, eta uste dut Ipar Euskal Herriko pilotarako gauza handia dela telebistatik Euskal Herri guztian ikusi ahal izatea.
Telebistak zuzenean ematea zuentzat presio handiagoa izango al da?
Ez dut uste niretzat zerikusi handirik izango duenik. Guretzat final bat da, eta segur aski ez gara telebistarekin ohartu ere egingo.
Federazioak antolatutako binakakorik ez da, baina EPBrena zuentzat binakako ofiziala balitz bezala izan da, ezta?
Horrela izan da. Oso serio jokatu dugu, eta uste dut jendeak ere erantzun duela. Federazioarekin ez dago harremanik, eta aurtengoak horrela beharko du, baina EPB ongi ari da gauzak egiten, eta segi dezala horrela, ea gazteak ere erakartzen dituen. Gazte asko ezker paretara ari ziren pasatzen, eta trinketean ere behar ditugu. Orain telebistarekin agian Hegoaldekoak ere hasiko dira hurbiltzen.-