Jose Migel Arregi Daniako pilotalekuko intendentea da, Floridan, eta zesta-puntak AEBetan azken urteetan jasan dituen aldaketen ahotsa
IMANOL MAGRO / Berria
Berrogei urte bete dira, lehen aldiz AEBetako lurra zapaldu zuenetik. Zesta munduko beste izen handi askok bezala, Jose Migel Arregik Atlantikoa zeharkatu zuen Floridako pilotalekuetan jokatzeko. Egun, erretiroa hartzeko urtebete falta zaionean, Daniako pilotalekuko intendentea da. Berastegiko semea (Gipuzkoa), Floridan ezkondu ostean han bizi bada ere, urtero bizpahiru aste pasatzen ditu Euskal Herrian. Egun gutxi horietan, berak onartzen duenez, bi gauza baino ez ditu egiten: «pilotalekuak eta pilotariak ikusi» eta «lurreko jakien zaporea gogoratu».
Galderak erantzun ahala, nostalgiak Jose Migelen hitzak irensten ditu, duela hogei urteko aro oparoa du hizpide behin eta berriz, bere iritziz «bai han eta bai hemen», zesta mundua «oso ilun» dagoelako. Arregi bide luzea egindakoa da AEBetako pilotalekuetan barrena; 60ko hamarkadan, lau urtez jokatu zuen Tampako pilotalekuan, garai haietan ezkondu eta geroztik Ipar Amerikara lotua gelditu zen. Berastegitarrak denetarik egin du Floridako pilotalekuetan, jokatzeari utzi zionean bi urte egin zituen kantxako epaile bezala, Ocalako pilotalekuko intendente postua onartu aurretik. Handik Tampara itzuli zen, Gerrikabeitia eibartarrarekin batera, intendente aritzeko. Azken sei urteotan, berriz, Daniako intendente postua betetzen du, eta «Guardia Zibilaren» antzera ibili beharra baldin badauka ere gustukoa du bere lana. Bere lanaz mintzatzean, teknologia berriek ekarri dituzten aldaketek intendenteen lana hankamotz utzi dutela dio Arregik. «Orain, kinieletan sartu behar diren bikoteak ordenagailu bidez erabakitzen direnez, oso zaila da pilotari bati lagundu ahal izatea». 45 dira Arregiren aginduetara egunero Danian kantxaratzen diren pilotariak, eta «ez da erraza denek maila egokia eman dezaten lortzea».
Garai hobeak gogoratuz
Berrogei urteko garapenaren lekuko izateak eta zestaren urte oparoak ezagutu izanak ezkor bihurtu dute Arregi: «AEBetako zestaren etorkizuna, oso ilun dago. Konpetentzia oso handia baitago, Floridan kirol profesional ugari hedatu izanaz gain, egun apustuzaleak edozer gauzatara joka dezakeelako, txakurretan, pokerrean… Gero ezin da ahaztu bizitza kostuak ere izugarri handitu direla eta dirua jokatzea ez da hain erraza».
Danian negua da urteko garai onena, «Kanadatik jaisten diren turistekin pilotalekua bete egiten delako, udan, berriz, hura oso tristea da, hain pilotaleku handietan 500 ikusle ere oso kopuru txikia delako». Arregik tristuraz kontatzen du azken urteetako beherakada, lehen hamabi pilotalekuk batera bizirik irauten zuten bitartean, egun, gorriak ikusten dituztelako bosten ateak irekita mantentzeko.Beherakadaren zergatiak azaltzean, ezinbestekoa da AEBetan zestaren inguruko ikuspegia azaltzea, «han, zesta-punta apustuak egiteko aitzakia baino ez da, txakur lasterketak bezala». Agirrek bi hitzetan azaltzen du: «Floridan, zesta, dirua baino ez da». Gero, zestaren arazoak izendatzean, berriz, kinielen iraupenak berebiziko garrantzia duela azpimarratzen du, «AEBetako apustu zaleak gauza azkarrak nahi ditu, eta txakur karrerek 30 segundo irauten duten bitartean, kinielak 10 edo 30 minutu luza daitezke». Konpetentziaz mintzatzean ere, berastegitarrak Casinoak izendatzen ditu lehenbizi «Daniatik gertu, indiar talde batek Casino berri bat ireki du, egun osoan irekita dago eta edozertara joka daiteke. Horrek min asko egin dio gure pilotalekuari».Egungo egoera txarra 80ko hamarkadako egoerarekin parekatzen du Arregik: «Garai haiek izugarriak izan ziren, 8.000 lagunetik gora biltzen baitziren pilotalekuetan. Pentsa, jendea New Yorketik jaisten zen dirua pilotalekuetan jokatu ahal izateko. Orduan ez zegoen beste kirol profesionalik, pilotaleku mordoa ireki ziren urte gutxian, gaur egun, berriz, itxi baino ez dituzte egiten». Jose Migel oso harro dago bere esku dagoen pilotari koadroarekin: Bereikua, Enbil, Arregitarrak, Egiguren eta hemen hain ezagunak ez diren Solozabal eta Hernandez gasteiztar gazteak goraipatzen ditu. «Solozabal aurrelari oso ona da, Goikoetxearen parekoa. Hernandezek, aldiz, dena dauka zestan jokatzeko, primerako atzelaria da. Lastima Euskal Herriko txapelketak ere hain gaizki ibiltzea, bi hauek ere zer esan asko emango bailukete». Euskal Herriko pilotariekin batera, estatubatuar eta mexikar ugarik jokatzen dute Danian; pilota eskolarik ez dagoenez hauek, gaztetan pilotalekuetan laguntzaile aritzen dira, horrek goizez bertan entrenatzeko eskubidea ematen dielako. Aurtengo fitxaketa ezagunena, Imanol Lopez du, zumaiar gaztea Danian arituko baita aurtengo neguan.
Euskal Herriko zestaren inguruan mintzatzean ere, oso arduratuta dagoela onartzen du Arregik. «Zestak hemen inolako oihartzunik jasotzen ez duelako, nola egunkariek hala telebistak oso kasu gutxi egiten diotelako». Eredu bezala irailean jokaturiko Munduko Txapelketa hartu du. «Egunkarietan ia ez da batere agertu finalaren inguruan, eskuz jokatzera etorri diren Irlandako afizionatuek, aldiz, orrialde ugari jaso dituzte». Agirreren irudiko Euskal Herrian esku-huskak pilota mundu osoa bereganatu duen bitartean, «zestak ez du inolako laguntzarik jaso».
Konponbide bila jartzean ere, ez du ezer garbirik ikusten, «pilota mundua alde bakar batera zuzendu izanaz gain, zestan ia dirurik mugitzen ez delako». Aurrera begira zestak iraungo duen ustekoa da, «Eusko Basquek laguntza gutxi batzuk jasotzen dituelako, eta herrietan jokatzen jarraituko delako». Aitor Totorikak eginiko lana nabarmentzen du «asko mugitzen dela ezin delako ukatu». Halere, mugimendu hauek ez zaizkio nahikoak iruditzen, eta Jai Alai Sporten jaiotza ere mesfidantzaz aztertzen du: «Konpetentzia beti da ona, baina bakar batek bizirik irauteko arazoak baditu, kosta egiten da bi mantenduko direla pentsatzea».