Gazteen mailan, Larrañagak ezusteko handia eman zuen, Iraolari irabazi baitzion (18-14)
ASIER MINTEGI / Berria
Joxean Tolosa Txapelketaren hasieran pilotari asko ziren lehian, denak egun handira iristeko gogoz, baina finala jokatzeko seiek bakarrik izango dute tokia. Joan den asteburuan jokatu ziren finalerdietako partidak, Amezketako pilotalekuko harmailak gainezka zirela, eta Peñasek eta Iturriotzek lortu zuten finalerako txartela kadeteetan, Gorrotxategik eta Larrañagak gazteetan, eta Arrutik eta Jauregik seniorretan.
Kadeteetan nafarrak izan dira jaun eta jabe. Ez dago urrutira joan beharrik. Peñas lizarrarra eta Iturriotz urdiaindarra ariko dira finalean, igande arratsaldean. Dena dela, Iturriotzek beste final bat jokatu beharko du, larunbat gauean, Altsasun.Finalerdietako partidak oso erraz irabazi zituzten Peñasek eta Iturriotzek. Lehenengoak 18-13 irabazi zion Mitxelenari, eta bigarrenak 18-4 Saez Asteasuri. Finalerako Iturriotz izango da faboritoa.Kadeteetako bi protagonistak nafarrak dira, baina gazteetan bi gipuzkoar ariko dira nor baino nor hobeto: alde batetik, Gorrotxategi hernaniarra, eta, bestetik, Larrañaga azpeitiarra. Gorrotxategik Elurberen aurka jokatu zuen finalerdietako partida. Partida hobea izatea espero zen, baina ez zen horrela izan, eta hernaniarrak inongo arazorik gabe irabazi zuen (18-6). Gorrotxategik partida osoan ondo gozatu zuen pilota, eta Elurbe ezinean ibili zen norgehiagokaren hasieratik bukaera arte. Hernaniarrak oso itxura ona eman zuen.Beste finalerdia oso partida ona eta gogorra suertatu zen. Larrañaga eta Iraola aritu ziren, eta azkenean, ezusteko izugarria emanez, Larrañagak irabazi zuen (18-14). Pilotazale askoren ustez, Iraola zen faborito nagusia.Seniorretan, ez zen ezustekorik izan: Arrutik eta Jauregik jokatuko dute finala. Arrutik Olazabali irabazi zion (18-8). Hasieratik bukaera arte, jaun eta jabe izan zen Arruti irabazlea. Txapelketa bikaina egin du, eta maila berean jokatzen badu heldu den igandean, faborito bera izango da. Senior mailako beste finalistak, Jauregik, Baez I.ari irabazi zion (18-9). Hemen ere, beste finalerdiaren antzera, ez zen kolorerik egon, eta inongo arazorik gabe lortu zuen Jauregik finalerako txartela. Gaur egun, finaleko bi protagonistak beste maila bat daukate.