Amorruaren garaipena Irujorentzat

Martinez de Irujo  22

Olaizola II               20

Hau da gure klasikoa. Badakigu pilotariek ez dutela hutsik egingo. Beraientzat ez da partidu arrunt bat. Irujok eta Olaizolak elkarren aurka jokatzen dutenean, jokoan egoten dena ez da txapelketako puntu bat, beraien arteko norgehiagoka baino. Batzuetan gai izaten dira teknikoki perfekziora hurbiltzeko, besteetan, atzo bezala, erraietatik ateratzen dute indarra jokoa borobiltzeko. Atzo ikusi genuen partidua ez zen perfektua izan, ezta gutxiagorik ere, baina hala ta guztiz ere, pilotariek lortu zuten emozioa gorengo mailara iristea, gutxitan bezala.

Olaizola hasi zen agintzen, bikain ulertu zuen eta, lau t’erdiko estrategia: pilota luze jokatu eta gurutzatzea. Irujo ostera, zalantzaz beterik agertu zen. Lehen tantuetan labur jokatzen hasi zen, dejadak botatzen, aurkariak erraz harrapatzen zizkion neurri berdinean.

Olaizolak sake bat labur labur atera zuen eta Irujok falta eskatu zuen. Epaileak ordea, ontzat eman zuen. Irujo sutan jarri zen, epaileari aurre egin eta besoak mugituz erratuta zegoala adierazi zion. Keinua itsusia izan ba zen ere, bere bularrean daraman “lehoi-bihotza” azaleratzeko balio izan zuen.

Hortik aurrera berdindu ziren markagailuak. Pilotari bakoitza joku ezberdina egiten saiatu zen. Olaizola teknikoki perfekziora hurreratu zen. Horren froga nagusia ezkerrez aidez txokoan hilda utzitako pilota. Irujok sakearekin min gehiago egin zion aurkariari, nahiz eta errestoan eraman beharreko pilota batzuk entregatu. Horrez gainera, botera jokatu behar zituen pilota ugari, batez ere partiduaren azken aldean, boleaz jo zituen. Hori dela eta, sarritan Olaizolari indarrik gabeko pilotak entregatu zizkion.

Halaere, Irujok irabazi zuen. Nola? Amorrutik atera zuen indarrari esker. Atzo ikusi genuen benetako Irujo, “lehoi-bihotza”.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE