Aurrera jarraitzen du XII. Berria Txapelketak, eta joan den ostiralean final-zortzirenetako bosgarren kanporaketa jokatu zen Berako Ezterega pilotalekuan. Batetik etxeko pilotariak aritu ziren, Bortziriak taldekoak hain zuzen, eta bestetik Amurriokoak. Bada, txapelketa honetan bigarrenez, Arabako talde batek Nafarroako elkarte bat kanpoan utzi zuen, ustekabean. Kontuan hartu behar da Errandonea eta Martinezek ez zutela jokatu, Bortziriak taldeko pilotari onenek, baina halere, Amurriok merezimendu osoz irabazi zuen, eta final-laurdenetan ariko da Markinaren aurka.
Ondorengoak izan ziren emaitzak.
Kadeteak: Albizuri – Gorostizaga (Amurrio) 22 Elzaurdia – Ordoki (Bortziriak) 10
Gazteak : Zorroza – Saratxaga (Amurrio) 13 Lazkanotegi – Oskoz (Bortziriak) 22
Nagusiak: Goikolea – Legarreta (Amurrio) 22 Mitxelena – Olaizola (Bortziriak) 19
Kadete mailan lehenengo tantotik bertatik nagusitasun osoa erakutsi zuen Arabako bikoteak. 35 minutu aski izan zituzten lehen puntua lortzeko. Albizuri eta Gorostiza nagusi izan ziren arlo guztietan. Albizurik sakearekin min handia egin zuen, hamar tanto lortuaz, eta Gorostiza jaun eta jabe izan zen piloteoan. Bera izan zen partidako onena. Nafarrek guztia eman zuten, eta Elzaurdiak tanto eder askoak ere eskaini zituen, baina ez zen aski izan. Ordokik sufritu egin zuen atzeko koadroetan.
Gazte mailan antzerako zerbait gertatu zen, baina alderantziz. 50 minutu iraun zuen neurketak, eta pilotakada asko jo bazituzten ere, nafarrak askoz gehiago izan ziren. Lazkanotegik sakearen bitartez min egin zuen, eta errematean ere fin aritu zen. Hori bai, Zorrozak ere lan aparta egin zuen. Aldea atzeko koadroetan egon zen. Oskozek sekulako neurketa jokatu zuen, pilota asko baztertzeaz gain, urrun jarri zuen pilota, eta Saratxaga nahi eta ezin aritu zen. Akats asko egin zituen. Hala, puntuetan berdinduta, nagusien mailako partidak erabakiko zukeen kanporaketa.
Eta gogorra izan zen nagusien arteko partida. Ordubetetik gora jo zuen bukaeran. Amurrioko bikotea hobeto kantxaratu zen hasieran, eta Goikolea inspiratuta aritu zen, eta Legarreta nagusi zen piloteoan. Nafarrak urduri ibili ziren partida erdira bitarte. Hala, 15-7 aurreratu zen Amurrio. Baina erabat aldatu zen lehia. Pilota motelagoa kantxaratu eta izerdia bota ahala, gero eta hobeto jokatzen hasi ziren Mitxelena eta Olaizola. Aurrelaria asmatzen hasi zen aurrean, eta Olaizola nagusi zen atzean. Gainera pilota asko baztertu zuen. Hori bai, beranduegi erreakzionatu zuten, eta ozta-ozta izan arren, Amurriok lortu zuen puntu erabakigarria.