Buruz buruko jokoak ez du hutsik onartzen, modalitate gogorrena da eta Frontiseko koadroko beteranoek inoiz baino gordinago nabari dute aurten. Bizkaiko Irekia banaka eta frontoi osoan antolatu dute, eta gazteek euren indarrak beteranoen ofizioak baino gehiago balio duela erakutsi dute. Finalean ez dira Arretxe, Armendariz eta enparauak ageri, koadroko bi izen gazte baizik. Ander Antxiak Iñigo Altunaren aurka jokatuko du gaur, Balmasedako pilotalekuan (20:00).
Bi pilotariek ezaugarri ezberdinak dituzte. Antxia aurrelari trebea da, eta Altuna atzelari segurua. Antxia da gaurko finaleko faboritoa, Abadiñokoa bolada gozoan baitago. Txaber Zabalarekin batera Gaztela eta Laongo Irekia irabazi zuen, eta Bizkaikoan ez du joko bakar bat ere galdu. Finalerako bidean, Antxiak Larramendi, Armendariz eta Ariznabarreta kanporatu ditu. Altunak, ostera, estuasun gehiago pasatu ditu finalera iristeko. Berrobikoak aise kanporatu zuen Gorriti lehen kanporaketan (2-0), Nagoreren (2-1) eta Barberitoren aurka (2-1 ), aldiz, kostata nagusitu zen. Jaialdiko bigarren partidan bi beterano elkarrekin ikusteko aukera egongo da, Alustiza eta Errandoneak Armendariz eta Zabalaren aurka jokatuko dute.