Amillategi
Binakako txapelketa itxura hartzen doa. Beste urte batzuetan gertatutakoarekin konparatuz, antzekotasunak eta ezberdintasunak aurkitu ditzakegu. Hona hemen batzuk:
Enpresa bakoitzeko bikote bat besteak baino indartsuagoa izatea: Enpresen arteko lehian, lehentasuna txapelketa irabaztea da, beraz, saiatzen dira modu batean edo bestean bikote bat indartsuagoa jartzen. Asegarcek inoiz baino errazago zuen Olaizola atzelari indartsu batekin jartzeko, jokatu gabe egon bait da luzaroan goizuetarra. Aimar erakusten ari den sasoi ona ikusita, koadroko atzelari puntakoenarekin jartzea estrategia emankorra bilakatu da Bilboko enpresarentzat. Beste ondorio bat ere izan du pilotari biak batzeak, hain zuzen ere, Beginori aurreko urteetan faltatu izan zaion egonkortasuna eman diola Aimarrek. Badirudi Aspe ere saiatu zela bikote sendo bat jartzen. Abel Barriola, udaldi bikain bat igaro ondoren, beti ustegabetasunean murgiltzen den Xalarekin bateratu zuten. Xala azken partiduetan ikusgarri ari da jokatzen, gutxi galtzen eta tantuak amaitzen.
Irujoren bikotea: Iaz Beroizekin ondo moldatu zen Irujo, nahiz eta azkenean atzelari gehiago behar zuela nabaritu zen, txapela eskuratzeko behintzat. Aurten Juan bera da ezinean ibili dena. Urtea ez da erraza izan beretzat. Itxura baten errekuperatuz doa, baina azken partiduan ez zuen ez agindu ez amaitu. Merino txukun aritu da, hobeto ezin, diote zaletu batzuk. Egia da, baina Irujo honek gehiago behar du aurrera jarraitzeko txapelketan.
Uste ez zena: Ustekabe haundiena Berasaluze VIIIk eta Apraizek orain arte lortutakoa izan da. Beraiekin parekatuta Bengoetxea VI eta Ruiz daude, biak ere Asegarceko bikoteak diralarik. Lau pilotari hauek griña eta tarteka joko ona erakutsi dute, emozioa sortu duten neurri berean. Gainera, bizpairu alditan Olaizolak eta Irujok eskupilotan jarria duten aristokrazia mehatsatu dute. Hori oso osasungarria da pilotarentzat. Beharbada konfidantza gehiago izango zuten enpresek beste bikote batzuengan (Gonzalez eta Laskurainena daiteke kasurik nabarmenena), baina beraiek merezi izan dituzte txalo ugari.
Pilotak: Eztabaida amaigabea da. Normalean pilotariak ondo daudenean, konfidantzaz beterik, ez dute horrenbeste eztabaidatzen pilotei buruz. Julian Retegik esaten zuen berak final bat baino gehiago irabazi zuela aurkakoaren pilotekin. Hori da txapeldun baten haunditasuna. Beste gauzatzo bat bakarrik aipatu nahi dut. Donibane Lohitzunen jokatu zen partiduan pilotaren ezaugarriak zirela eta, jokaldi batzuetan, txokoan moztutako pilotetan, kostatu egiten zitzaien onera eramatea. Nire ustez hori normalagoa behar luke izan txapa gainean moztu, hatz txikiarekin eman eta onera eramatea baino. Azken aldian meritu gehiago eman izan zaiola uste dut, itxuran pilota zailak direnak eramateari (mucho! oihu ezagunari) benetan zail jarri eta tanto egiteari baino. Eta horretarako, pilotekin azertatzea funtsezkoa da.