Arazo asko, baina denak ados

Pilotariak konforme gelditu dira bi pilota aukeraketetan; Xala kolokan dago larunbaterako

IMANOL MAGRO / Berria

Badirudi enpresa bereko bikoteak izateak asko arintzen dituela pilota aukeraketa osteko adierazpenak. Iragan astekoetan hitz gogorrak entzun baziren, Irujo eta Fernando Goñirenak kasu, atzoko bi hautaketen ostean dena izan zen baketsua. Agian, aukeraketarako hitzordu bakoitzak gorabehera asko izan zituelako, eta horrek baliteke pilotariak lasaitu izana.

Bigarren jardunaldiko lehen partida bihar gauean jokatuko da, Donostiako Anoeta pilotalekuan. Bertan, Titinek eta Abel Barriolak, Sebastian Gonzalezen eta Iñigo Pascualen aurka jokatuko dute. Lau protagonistak atzo arratsaldean elkartu ziren pilotak baztertzeko. Pilota aukeraketa berandu hasi zen. Laurak arte frontoia hartuta zegoenez, hautatzaile eta pilotariek aukeraketarako finkatutako orduan hasi behar izan zituzten lehen baztertze eta beroketa lanak.

Giro ona eta txantxak izan ziren nagusi pilotarien artean. Aukeraketa hasi aurretik, EPELeko pilota hautatzaile Juan Mari Juaristik azkenekoz probatu nahi izan zuen eramaniko materiala. Antton Maizek eskuz errebotera botariko pilotak bueltatzeari ekin zion Atano XIII.ak, eta bederatzigarren koadrotik pare bat erraz altxa ere egin zituen. Juaristiren pilotakadek Barriola harritu zuten, eta Titinek hitza jarri zion harridurari: «Horra hor ordezkoa!». Barreek hautatzailearen lanari bukaera jarri zioten. Errioxarrak eta Leitzakoak ekin zioten lehenbizi aukeraketari. Bederatzi minutuan jardun ziren pilotak probatzen. Ez zuten inolako arazorik izan eta biak «gustura» gelditu ziren aurkitutakoekin. 104,5, 105,6 eta 104,9 gramoko pilotak hartu zituzten. Aurkariek aukeraturikoez ere, ezer gutxi izan zuten esateko. Titinek «zozoagoak» iruditu zitzaizkiola esan zuen, hauts handirik harrotu gabe ordea. Gonzalez eta Pascual, berriz, luze aritu ziren. Arauzko ordu laurdena xahutu zuten, baita beste minuturen bat ere. Titin, beti ere txatxetan, pilota hautatzaileari Gabonetarako erloju bat oparituko ziola oihukatu zion. Azkaindarrak eta Abartzuzakoak pilota astunagoak hautatu zituzten: 106,2, 106, 5 eta 105,3 gramokoak, hirurak ere larru bueltakoak.

Abelen eskua «probatzera»

Pilotak hizpide hartu zituztenean, berriz, kazetariak harritu zituzten, denbora agortu ondoren biak ala biak kontent agertu zirelako aurkitutako materialarekin. «Ez geneukan inolako presarik» onartu zuen Pascualek, «pilota guztiak onak zirelako». Aurkarien pilotez mintzatzeko orduan, berriz, Abartzuzakoak bete-beteko adostasuna plazaratu zuen: «Pilota normalak hartu dituzte, agian, beraienak, gureak baino hobeak izan daitezke guretzat».

Abel Barriolak prentsaren aurrean agertu zenean eskua sendatuta zeukala esan zuen, «estaltzen zaila den puntu batek» arazoren bat edo beste eman diezaiokeen arren. Pascualek ere, Leitzakoaren eskua izan zuen hizpide partidarako estrategia azaltzean: «Abelen eskua nola dagoen probatu beharko dugu». Era berean Titinen jokoa «beti» dela arriskutsua gogoratu eta Barriolaren eskuak erantzuten badu irabaztea «oso zaila» izango dela aurreratu zuen.

Xalak eta Goñik ez zuten pilotarik aukeratu Labriten

Atzo goizez Labriten eginiko pilota hautaketan ere ez zen eragozpenik falta izan. Bertan hitzordua zuten bikote bakoitzeko pilotari bakarra aritu baitzen materiala baztertzen. Izan ere, Xala eta Fernando Goñi, gripearekin, kolokan daude larunbat arratsaldean Iruñean jokatu beharreko partidarako.

Pilota aukeraketan parte hartu ez bazuen ere, Fernando Goñi, kaleko arroparekin, Labriteraino gerturatu zen. Zubiriko atzelariak txarrera egiten ez badu larunbatean jokatuko du ziurrenik. Xalaren kasua, ordea, larriagoa da. Aspeko iturriek atzo jakinarazi zutenez, enpresako medikuek hurrengo egunetan erabakiko dute Lekuinekoak jokatzerik izango duen ala ez. Bestalde, pilota aukeraketan ez zen inolako arazorik egon, eta bai Martinez Irujok, bai Oskar Lasak material egokia aurkitu zuten. Banakako txapeldunak, iragan astean Tolosan aurkitutakoa baino «askoz hobea» zela esan zuen, aste batetik bestera «hain aldaketa handiak» egotea ulertzen ez bazuen ere. Irujok antzeko hiru pilota aukeratu zituen 106,3; 106,4 eta 106, 5 gramokoak. Lasak ere bakarka egin zuen bere lana. Etxarrikoak material arinagoa baztertu zuen: 105,8; 106,1 eta 104,7 gramoko larru bueltako hiru pilota hain zuzen. Hautaketaren ostean kazetariek Xalaren egoerari buruz galdetu ziotenean, berriz, itxaropentsu agertu zen: «Larunbaterako ondo egongo dela uste dut».

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE