Arazo berberari konponbide berbera?

DUELA BI URTEKO AURREKARIA. Olaizola II.ak ere eskatu zuen Unanueren kontrako partida atzeratzea, eta astearte buruzurian jokatu zen Iruñean

E. TELLERIA / Berria

Eskua horrela edukita nik ezin dut asteburu honetan jokatu», «EPELek garbi utzi du ez dela partida atzeratuko, araudia bete behar delako». «Astebeteko atzerapenik ez, baina bi egunekoa onartu du EPELek», «Ez zait batere gustatu gauzak nola egin dituzten»… Duela bi urte idatzi eta irakurritako esaldiak dira. Abendua zen orduan ere, EPELen lau t’erdiko txapelketa orduan ere, finalerdietako ligaxkako hirugarren jardunaldia orduan ere, eskuetako minez partida erabakigarriko protagonistetako bat orduan ere (Aimar Olaizola), araudi bat tartean orduan ere, Asegarceren eta Asperen arteko indar neurketa orduan ere, erdibideko konponbide bat orduan. Oraingoan?

Aurrekariek horixe izaten dute, haien aitzakian egindako indarrak arrazoiaren balioa hartzen duela askotan (ustez). Kritikak kritika eta araudiak araudi aurrera egin zen orduan, nahiz eta guztiek onartu zuten «ezarritako aurrekariaren arriskua». Egunotan jakingo da arriskua benetakoa zen edo ez. Akordatu datu batekin: duela bi urte jokatu zuten bi pilotariak Asegarcekoak ziren (Unanue eta Olaizola II.a). Larunbatean edo astelehenean jokatu behar duten bi pilotariak Aspekoak dira (Jorge Nagore eta Abel Barriola).

Olaizola II.ak Barriolaren kontra hartu zuen min

Bitxia da duela bi urte gertatu zenari begiratu eta orain gertatzen ari denarekin alderatzea. Finalerdietako ligaxkako bigarren partidan hartu zuen min orduan Aimar Olaizolak. Ezetz asmatu noren kontra jokatu zuen? Abel Barriolaren kontra. Iruñeko Labriten aritu ziren, eta goizuetarrak irabazi zuen (16-22). Gogorra izan zen partida eta eskuin eskuko hatz nagian hartu zuen min Aimarrek. Abenduaren 1a zen eta abenduaren 8an zeukan hurrengo partida jokatu beharra, Mikel Unanueren kontra. Astelehenean eskua erabat handituta zeukan eta astebeteko atzerapena eskatu zuen, nahiz eta araudiak horrelakorik ez zuela baimentzen jakin. «Zorte txarra izan du, baina araudia betetzeko dago», zioen Julian Arruabarrena EPELeko presidenteak astelehenean. «Astebete ez, baina bi egun ematea erabaki dugu», zioen asteazkenean.

Eta tartean preso Mikel Unanue. Hiru egunen buruan bi aldiz aldatu zizkioten partidarako eguna eta frontoia Eibarren zen lehenengo eta Iruñean ondoren. Arrazoi guztiarekin haserretu zen. Seriotasunik ez zela egon, atzerapena ematekotan astebetekoa emateko edo batere ez emateko, Aimar 14 tantoz azpitik uzteko sailkatzeko bere aukera bakarra zen kontrarioa ahalik eta okerren egotea komenik zitzaiola… Astearte buruzurian jokatu zen partida. Aimarrek 15 tanto behar zituen, eta Unanuek 22 eta 8ko aldea. Goizuetarrak irabazi zuen (8-22). Afera hartan zerbait irabazi zuen bakarra bera izan zen. Partida hura lehenengo, eta txapela ere bai ondoren, Abel Barriolaren kontra (13-22).

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE