ARBE-MANCI, ONDO MEREZITAKO SARIA

🔴ARBE-MANCI 15/15
🔵COSME-BAILO 12/13

* Arbek eta Mancik Winter Serieserako sailkapena lortu dute Cosme eta Bailori 2-0 irabazita.


* Final parekatua ikusi dugu eta emozioz betea.


* Giro ona Zumaiako Aitzuri pilotalekuan, zesta-puntaren hazia ereiten ari den plazan.

Jokin Arbek eta Mikel Mancisidor «Manci»-k jokatuko dute Eusko Label Winter Seriesean, elastiko edo kamiseta laranja jantzita. Ondo merezita eskuratu dute zortzigarren plaza desiatua, Pro Am txapelketako finala irabazita. Partidaren zati handienean aurretik izan dira gorriak baina neurketa berdindua izan da, emozioa izan du eta azken unera arte tentsio handikoa. Pilotazale ugari elkartu dira Zumaiako Aitzurira. Bai finalerdietan eta bai finalean bizitako giroarekin, bi astelehenetan balantze positiboa zesta-puntaren hazia berriz ereiten hasia den plazan.

Bikote gorriak elkar ondo ulertzen du kantxan. Modu armonizatuan jokatzen dute. Arbe aurrera badoa, Manzi pumpa-lasterrera («bote corridora») jartzen da. Batak egiten dituen mugimenduen arabera mugitzen da bestea ere eta horrek asko esan nahi du frontoian. Manzik berak kantxa asko kubritzen du, eta espazio asko bete. Fisikoki ere, maila bat gorago daude gorriak baina hala ere, ez da kostatu gabeko garaipena izan.

Lehen seteko atsedenaldira aurretik iritsi dira Agirre eta Bailo (5-8). Atzelari nafarrak maila ona erakutsi du beste behin. Errebesez hanka-geldian botatzen du pilota eta eskumiz eman egiten dio, eta ezker pareta bilatu. Hamaikana berdindu ondoren, gorriek gehiago asmatu dute aurrean eta 15-12 bukatu da lehen seta.

Bigarrenean 6-3 jarri dira aurretik Arbe eta Manci. Partida hautsi zitekeela zirudien, baina urdinek ez dute etsi eta 8-8 berdindu dute Zumaiako aurrelariak eta Noaingo atzelariak. Aurretik ere jarri dira (8-9 eta 11-12). Markagailua alde zutela, sake falta egin du Cosmek (12-12) baina azken berdinketa bat ere izan da, hamairuna. Urduritasun handia bizi izan da partidaren azken zati horretan eta huts batzuk ere izan dira. Edonola ere, lehen setan bezala, ziurtasun gehiago erakutsi dute momentu horietan gorriek eta 15-13 bukatu da partida.

Orduantxe askatu dituzte gorriek tentsio guztiak. Aurkariei bostekoa eman, legez agurtu eta besoan hartu eta goruntz altxa du Arbek Mancisidor atzelaria. Goi-mailako txapelketetan jokatzera ohituak daude biak eta ondo prestatzen dira eta berme bat dira Winter Series txapelketan.Iñaki Ostolaza Zumaiako alkaetak eta Iñaki Osa Goikoetxea ERAMAN!-eko pilotariak eman die saria: Winter Seriesean jantziko duten elastiko laranja.

Arbe eta Manci B multzoan lehiatuko dira Johan-Lopez, Erkiaga-Ibarluzea eta Laduche-Gorkarekin batera, datorren astelehenean hasiko den Winterreko 3. edizioan. Juan Pablo Martin lankideak El Correo egunkarian idazti duen bezala, «Arbek eta Mancik zesta-puntako txapelketa handienean jokatuko dute».

Zorionak bikote!

Lehen jardunaldirako sarrera guztiak, agortuta daude.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE