Amillategi
Berasaluze VIII – Beloki 22
Bengoetxea VI – Aretxabaleta 19
Carmenak Markinen eta jai giroa borobiltzeko herriko semea den Aretxabaletak debuta egin zuen pilotari profesional bezala. Pilotalekua gainezka zegoen, jendea Aretxabaleta gaztea txalotzeko prest. Kanpokaldean koadrillak urteroko bazkaria ospatzen zuten bitartean iritsi ziren pilotariak frontoira eta Aretxabaleta txalo zaparrada batez agurtu zuten.
Aretxabaletak oso itxura ona eman zuen. Esku bi libreak ditu eta pilota bikain atzeratzen dakiela erakutsi zuen. Horrez gainera, eta beharbada hau da harrigarriena, oso pilotaria dela antzeman zuen. Lehen hiru edo lau tantuetan zalantzak izan zituen pilota batzuetara jartzeko orduan, baina konfidantza hartzen joan zen neurrian egonkortasuna nagusi izan zen bere jokoan. Normalean horrelako partiduetan atzelari gateek hainbat pilota galtzen dituzte, baina horretan ere Aretxabaleta fin ibili zen. Bi pilota galdu zituen partidu guztian garbi eramatekoak zirenak. Partidu erdian, bere jokoa sakona dela argi utzi zuen, Belokirekin lehian bere lekuari gogor eutsiz. Bengoetxea VI lagun zuelarik, Aretxabaleta gazteak partidaren pisua beregan hartzea nahi zuela nabaritu zen. Jotzeko orduan, pare bat pilotakada sei koadrotik atzera jagia emanez jarri zituen (eskuko frontoi batean zazpi koadro ingurukoak). Beraz, sendotasunaren itxura eman zuen eta Asegarcek urte askotarako pilotari on bat fitxatu duela uste dut.
Aretxabaletarekin batera Oinatz Bengoetxea, “magikoak” jokatu zuen. Beti bezala, magiaz beteriko jokoa erakutsi zuen. Txokoan zein zabalean uste gabeko jokaldiak atera zituen bere txisteratik. Akats batzuk ere egin zituen, batik bat, sakez falta bat.
Irabazleen artean Pablo Berasaluze oso ondo egon zen defentsan eta erasoan erremate on batzuk egin zituen, txokoan ezkerrez pilota hilda utziaz batez ere. Rubén Belokik itxura ona eman zuen. Dominatu egin zuen bera aurkaria, pilotakadak jarraian zazpi koadroan jartzen saiatzen zelarik.
Ikuskizun bikaina izan genuen Markinan eta jarraitzaileen erantzuna ikusirik esperantza daukagu Lea Artibaiko gune garrantzitsu honetan ondorengo urteetan partidu onak ikusteko aukera izango dugula.
Nik Mallabiako finalean ikusi nendun mutil hau. Untorian aurka galdu arren nitzako partiduko onena izen zan. Bere aurrelariek ez zeuen egunik onena euki.
Ia zorte ona badeko ta urte batzuk paseta Bizkaiarantza zeozer dakarren.