ARGOITIAREN LEHEN TXAPELA PROFESIONALETAN

* Ortzi Aldazabal «Argoitia»-k bere lehen txapela irabazi du profesionaletan.

* Ihart Arakistain eta Arai Lejardi gailendu dira emakumeen denboraldiko lehen Mastersean.

* Jendetza batu da Berriatuko Mendibarrenen eta Master Seriesa txiki geratu da, herriaren erantzun itzela ikusita.

IHART-ARAI vs ELAIA-FRIDA: 15-9, 15-13

ERKIAGA-ARGOITIA vs BARANDIKA-ZABALA: 15-12, 14-15, 5-1

Momentu egokian eta leku egokian egotea. Halaxe suertatu zaio aurten Ortzi Aldazabal Argoitia, pilotari gazte berriatuarrari. 17 urtereko atzelariak inoiz ez du ahaztuko 2024ko urte amaiera eta 2025ko hasiera. Winter Seriesean ordezko egotetik debutatzera, Berriatuko Master Seriesean lanak ondo eginda eta Aritz Erkiagarekin txapela. Hemendik aurrerakoa idatzi gabe dago, baina Ortziri aukera eman diote eta aprobetxatu egin du. Gaurko finala ez da erraza izan. Finalerdietako partida Erkiagaren erremate-ikuskizuna izan zen. Gaurkoa berriz, partida landuagoa eta adorno gutxiagorekin irabazitakoa. Aurkariek egindako meriuengatik, besteak beste.

Jaialdia emakumeen Master Seriesarekin hasi da. Partida baino bi ordu aurretik frontoia jada erdi-betea zegoen. Jendea pilota gosez. Hiru jardunaldietan sarrerak agortu dira (1.200 biztanle ditu Berriatuak, 400bat bat pertsonentzako lekua pilotalekuak). Finalekoak berehala gainera. Elaia Gogenola herritarrari ez zaio animorik falta izan, baina finala hasieratik Iharten eta Arairen alde jarri da. Beti da gozagarria da Markina-Xemeingo pilotaria ikustea, baina Berriatuan are gehiago gainera. Gehien gustatzen zaion frontoia dela adierazi du txapela irabazi ostean. Izan ere, eta atzean metro gutxiago defendatu behar duenez, solte eta erraz jokatzen du Araik. Punpa-gora (bote-corrido) bikain sartzen da, bai errebesez bai eskumaz, eta postura honetan ikustekoa den nola jeisten duen pilota, goitik behera. Horri guztiari gehitu, pilota zailak ere sartu egiten dituela. 8-3 eta 9-4 aurreratu dira marroiak eta sei tantuko aldearekin irabazi dute lehen jokoa (15-9). Bigarrenean gauzak estuago joan dira. Marroiak 8-4 aurreratu arren, Elaiak eta Fridak bederatzina berdindu dute. Harmailak ederto berotu dira orduan, baina berdinketaren ostean Ihar eta Arai nagusitu dira berriro ere. Sopelako aurrelariak ere partida borobila jokatu du, piloteoan ezezik errematean. Berriatuko klubekoa izanik, beso artean hartu eta airean altxatu dute Arakistan bere gertuko eta lagunek.

Gizonezkoen partidan, Erkiaga eta Argoitia atera dira faborito moduan baina garaipena ez da kosta gabekoa izan. Lan ona egin dute Barandikak eta Zabalak. Erkiagari ez diote jokoan sartzen, berak nahi beste utzi. Aurrelari gernikarrak gainera, abiadura itzela ematen dio pilotari. Benetako misilak jaurti ditu Argoitiaren aurka, atzeko hormaren aurka fusilatu nahirik, baina ondo defendatu da berriatuarra, pilota gaitzak sartuta. Zabala ere seguru aritu da eta pilotari gogor emanez. Hala ere, Erkiagak egin ditu gaur ere bereak. Sahietsetik gehienbat. Barruan, zabalean apurtuz edo atzeko hormako angulua bilatuta. Barandikak errebotean egin du 6 eta 5koa, Aritzek dejadaz 9-7ko eta ikusgarria gernikarrak 13-11rako egin duen hormabikoa ere. Lehen jokoa 15-12 irabazi dute Aritzek eta Ortzik eta bigarrenean are estuago joan dira kontuak. Zabalak errebote zail bat eraman du bere burua lurrera botata eta seteko azken tantua ere berak egin du, txapa gainean moztuta (14-15). Desenpatean hala ere, huts gehiegi egin ditu bikote horiak eta ordura arte egindako lana ezin izan dute nahi bezala biribildu (5-1).

Lehen Master Series honekin, irabazle nagusia Berriatuko herria izan da. Batzutan, herriaren tamaina ez dator bat plaza horren garrantziarekin eta harmailen lekua mugatua bada ere, beste joko klase bat ikusteko aukera ematen du Mendibarrenek. Abiadura bizia eta publikoa pilotarien gain-gainean, horiexek frontoi honen ezaugarri nagusiak. Harritzekoa, sari-banaketaren unean kantxara atera den ume kopurua euren xisterak hartuta. Ume talde bat baino gehiago ematen zuen ejerzitoa, hain kopuru handia eta hain ordenatua ikusita. Sari banaketa amaitu denean, ikustekoa izan da, dozenaka eta dozenaka ume, zestak hartuta, tenisko pilotekin jolasten. Aurretik ikusitako zortzi protagonistak imitatuz.

Aurrerantzean ere emango du Berriatuak zeresana. Hori seguru.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE