Jai Alai News
Udako pelotaria Aritz Erkiaga ispastertarra izan da. Txapelketa handi guztiak, lau Grand Slamak irabazi ditu. Gernika, Biarritz, Donibane Lohitzune eta Pabe. Baita beste hiru Master ere. Eskumako besoa ez du nahi bezala, baina bere lesioarekin jokatzen ikasi du eta sasoi betean dago. Aritz Erkiagak zenbateko jokoa duen, ez da nobedadea. Baina bai goraipatu beharrekoak, Erkiagak zesta-puntari, jarraitzaileei eta batez ere kirol honetan hasi berri diren neska-mutil gaztetxoei transmititzen dizkien balioak: apaltasuna, jokoaren garbitasuna eta euskalduntasuna.
Lehenengo eta behin, eta beste edozeren gainetik, pelotari apala edo umila da Aritz. Uda honetan bertan eta onena izanda, behin baino gehiagotan entzun diogu «irabazi arren, txarto jokatu dut» esanez. Garaipenaren meritua bere bikoteari emanez, edo aurkarien huts-egiteetan arrazoituz, bere jokoan baino gehiago. Zesta-punta «gilladerarekin» lotu izan da askotan. Harrotasun edo harrokeria puntu batekin. Erkiagaren jarrera, horren kontrakoa da. Gilladeraren aurrean, apaltasuna. Harrokeria beharrean, sinpletasuna. Bai transmititzen duen irudian eta baita bere adierazpenetan. Zaila egin behar zaio Erkiagari, bera baino maila baxuagoa duten pelotari batzuk «gilladera» nola izan dezaketen ulertzea. Izan ere, ez da berdina duela 20 edo 40 urteko figura izatea edo orain onenen artean egotea. Onena, zenbatetik? Beste garai batzuekin konparatuta, oso pelotari gutxi dago orain, eta hobe, Aritzen moduan, bizitzan apal eta umil jokatu eta hankak lurrean izan. Gaur egungo munduan, zesta-punta oso kirol txikia da benetan, eta txikitasun hori beti presente izatea komeni da.
Jokoaren garbitasuna gai polemikoa da oraindik orain zesta-puntan. Mingarria ere bai, bata edo beste seinalatzen denean. Seinalamenduak alde batera utzi behar dira baina kirolak berak, bere osotasunean egin behar du azterketa. Zesta-eskolak, epaileak, federazioak eta jaialdien arduradunak. Garai bateko «falta» asko, «buena» dira gaur egun. Horretan ere, pelotari bakoitzaren gaitasun eta abilidadeak onartu egin behar dira. Baina onartu egin behar da baita, zenbat eta joko estilo garbiagoa, orduan eta ikusgarriagoa dela kirola bera. Ikusleek askoz gehiago gozatzen dute pelota sartu eta frontisera azkar botatzen denean. Pelotaren abiadura garrantzitsua da, baina jokoarena ere bai, eta jokoa gelditzeak ikusgarritasuna kentzen dio zesta-puntari. Hori besteko garrantzitsua: posturetan eta mugimenduetan armonia bat segitzea, aldaketa zakarrik eta zabarrik gabe. Hori da zesta-puntaren oinarria. Eskoletan erakutsi ditzatela Aritz Erkiagaren bideoak. Joko garbiaren garrantzia eta estetikaren elegantzia sustatzen ariko gara, etorkizunean, kirola, ikusgarriago izan dadin.
Eta zer esan euskaldun izaeraz. Jokatu duen frontoietan eta bizi izan den herrialdeetan, beti izan du argi Erkiagak Ispasterkoa dela, euskalduna dela. «Jai Alai» gure hitzik ezagunenak direla munduan, eta euskarazko hitzak direla. Zesta-puntak Iparraldea eta Hegoaldea batzen ditu eta gure herriaren lurraldetasunean lotura lanak egiten ditu. Baina zerk lotzen ditu benetan Biarritz eta Gernika? Donibane Lohitzune eta Hondarribia? Zergatik dira denak Euskal Herria, euskaragatik ez bada? Euskararen egoera ez da ona, eta etorkizunera begira panorama iluna da. Ez dago Iparraldeko pelotari profesionalik esaterako, euskaraz dakienik. Horixe da errealitatea. Folkloreak lekua kendu dio nortasunari. Horregatik, kantxan eta kantxatik kanpo Erkiaga bezalako pelotari bat euskaraz entzutea, gozagarria da.
Aritz Erkiagak erakusten diguna da, figura handia izan daitekeela Ispasterren bizita. Bere bikotekidearekin eta ume biekin familia giro lasaian bizita. Bizi guztiko lagunekin jarraituz, batere gilladerarik gabe, eta hurrengo txapelketarako gogor prestatzen, bai arlo fisikoan eta baita frontoian ensaioak eginez ere. Eta beti, apaltasunean.