Arretxe eta Armendariz izango dira finalerdietan

Luzaidekoak Altuna kanporatu zuen, eta orkoiendarrak, Barberito VI.a
U.A. / Gara

ARRETXE 22
ALTUNA 10

ARMENDARIZ 22
BARBERITO VI 18

Fernando Arretxek eta Karlos Armendarizek Frontisek antolatutako Barakaldoko Lau eta Erdiko Masterreko finalerdietan ikusiko dute elkar, atzo final-laurdenetako partidak ondo gainditu baitzituzten.

Arretxek 22-10 irabazi zion Altunari erritmo bizian jokatutako neurketa batean. Partida hasiera nahiko parekatua izan bazen ere, berehala ikusi ziren Luzaideko pilotari beteranoaren asmoak. Izan ere, Arretxe aurreko koadroetan jokatzen saiatu zen, eta boleak eta sotamanoak izan zituen armarik arriskutsuenak. Larraia, berriz, ondo aritu zen hastapenean, baina hortik aurrera ezin izan zuen ezer egin, eta aurkariaren atzetik joan zen une oro.

Final-laurdenetako beste neurketan, ostera, Armendarizek asko sufritu behar izan zuen Barberito VI.a garaitu eta hurrengo kanporaketarako txartela eskuratzeko.

Aurreneko tantoetan oreka izan zen nagusi, baina ondoren Orkoiengo pilotariak aurrea hartu zuen.Piloteoan errioxarra baino hobeto aritu zen, eta hor egon zen garaipenaren gakoa.

19-11ko markagailuarekin bazirudien Armendarizek ez zuela inolako arazorik izango finalerdietan izateko, baina Barberito VI.ak zazpi tanto egin zituen jarraian. Errioxarrak min handia egin zuen airez sartzen zen bakoitzean, eta markagailuari buelta emateko zorian izan zen, baina azkenean ez zen horrelakorik gertatu.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE