Berria
Bizkaiko Lau t’erdiko Irekiko final-laurdenetako bi partida jokatu ziren atzo arratsaldean Basauriko frontoian (Bizkaia). Arretxek jokatu eta irabazi zuen bat Barberito VI.aren kontra (22-10), eta Badiola III.ak bestea Errandonearen kontra (12-22). Finalerdietan aritzeko txartela lortu duten lehen bi pilotariak dira.
Erritmo bizian jokatutako partida izan zen Arretxe eta Barberito VI.aren artekoa. Piloteoan nagusitu eta aurrelari onenen pare bukatu zituen tantoak Luzaidekoak erasoan. Kontrarioa 3-6 aurreratu zen arren, 18-6 apurtu zuen hurrena norgehiagoka Arretxek. Finalerdietan, Armendariz-Altuna partidako irabazlearen kontra neurtuko ditu indarrak gaur jokatuko dute horiek, Basaurin.Errandonea eta Badiola III.aren arteko partidan, sakea izan zen erabakigarria. Badiolak zazpi tanto lortu zituen zuzenean jokaldi horrekin, eta beste hainbatetan ere lehen kolpe horri esker jarri zuen alde tantoa. 2-10 hasi zen bizkaitarra aurretik, eta Errandoneak ezin izan zion sekula alderik jan. Badiolak, finalerdietan, Alustiza-Ariznabarreta partidako irabazlearen kontra jokatuko du gaur dira horiek ere aritzekoak, Basaurin.