Final-zortzirenak Gernikan, Iruñean, Bergaran eta Tolosan jokatuko dira
IMANOL MAGRO / Berria
Asteburu honetan jokatuko dira Lau t’erdiko txapelketako final-zortzirenak. Bigarren fasean Asegarceko pilotariak Aspekoak baino askoz gehiago izango dira. Lau t’erdiko lehen kanporaketa fasea ezin oparoagoa izan da Bilboko enpresarentzat, zortzi patidetetaik sei irabazi baititu.
Txapelketan irauten duten enpresako pilotari kopuruari esker, Asegarcek finalerdietan partaide bat izango duela ziurtatu du jada. Oraindik ere finalerdietarako bi kanporaketa falta diren arren, Aimar Olaizola zerrendaburu duen multzoko partaide guztiak Asegarcekoak dira. Bestalde, enpresen ligak atzo zehaztu zituen heldu den asteburuko partidak non eta noiz jokatuko diren. Final-zortzirenetako lehen partida ostiral gauean jokatuko da, Gernikako (Bizkaia) Santanape pilotalekuan. Jaieguna da Gernikan, eta Asegarcek bertan jaialdia antolatzea erabaki du. Santanapen, Gonzalezek eta Leizak neurtuko dituzte indarrak. Bigarren kanporaketa ere, Asegarcek antolatuko du, Iruñean. Larunbat arratsaldean, Patxi Eugik, Patxi Ruizen aurka jokatuko du. Igandean, Bergaran (Gipuzkoa), Imanol Agirrek eta Oinatz Bengoetxeak elkarren aurka jokatuko dute. Final-zortzirenetako azken partida astelehen arratsaldean jokatuko da. Asier Olaizolak eta Juantxo Kokak Tolosako (Gipuzkoa) Beotibarren jokatuko dute. Harritzekoa da Aspek antolatutako txapelketa partidetan ez dela bere koadroko pilotaririk egongo.