«Aste honetan hasiko da benetako Binakako Txapelketa» Lasa III

Binakakoak eman dizkio pilotari ibilbideko poz handienak; aurtengo lehen fasean, berriz, ez dira espero bezain ondo aritu. Bihar ekingo diete final-laurdenei, Titinen eta Barriolaren aurka.

IMANOL MAGRO / Berria

Urdulizko pilota aukeraketa elurrarengatik bertan behera gelditu zen, eta baita aurrez aurre egin beharreko elkarrizketa ere. Arratsaldean telefono hariak elkartu zituen Oskar Lasa eta Berriako kazetaria. Etxarriko atzelaria ez da oso hiztuna, galderak bederatzigarren koadroko pilotak bezala erantzuten ditu: serio eta zehatz.

Nola zeuden Etxarriko inguruak atzo goizean?

Elur askorekin, hemendik irteteko oso gaizki dago. Bart gauez elur asko bota du, izotza ere ugari dago eta ibiltzeko oso gaizki.

Halakoetan hoberena ez arriskatzea izaten da

Bai, zalantzarik gabe, eguraldi honekin hoberena etxean gelditzea da. Gainera, denok arazo asko geneuzkan joateko. Materiala jaialdia hasi aurretik aukeratuko dugu.

Zer moduz zaude? Azken partidan zaintiratu txiki bat izan zenuen?

Ondo nago, nahiko ondo. Zuk esan bezala azken partida bizkarreko minez eta nahiko justu bukatu nuen. Aste honetan, baina bi aldiz joan naiz masajistarengana eta ez dut arazorik izango ostiralean jokatzeko.

Ostiralean hasiko dira kanporaketak, orduan hasiko da txapelketa?

Bai, bai, nire ustez aste honetan hasiko da benetako txapelketa. Orain arte partiden helburua multzoan postu onenean bukatzea zen, eta bakoitza nola zegoen neurtu ahal izatea. Hemendik aurrera hasten da egiazkoa.

Nola ikusi duzu hasierako ligaxka? Askok diote ezer gutxirako balio izan duela?

Ezertarako balio ez duela esatea gehiegizkoa da, ikusle asko joan direlako pilotalekuetara. Xala eta biontzat, berriz, nahiko ligaxka arraroa izan da, hiru partidak oso desberdinak izan baitira. Oso justu ekin genion; azkenean, ordea, partida oso zail bat irabaziz amaitu dugu eta hori seinale ona da. Azken partidan ondo jokatu izanak konfiantza asko eman digu.

Bihar Titin eta Barriola izango dituzue aurkari, bere maila ematerik lortu ez duen bikotea.

Partida zaila eta gogorra izango da. Badakigu ez daudela une gozoan, baina oso bikote gogorra osatzen dute. Bi horiei irabazteko asko jokatu beharra dago! eta batez ere Titini ezin zaio jokoan sartzen utzi. Barriola, berriz, kexu izan da eskuetatik apur bat justu zegoela eta. Astelehenean jokatu izanak kalte egin diezaioke, txapelketako bi partida bost egunean asko direlako. Dena den, ziur nago Abel sasoi betean ariko dela.

Aurten hirugarren txapelketa duzu Xalarekin, egokitu zaizun bikotearekin behintzat ez duzu kexarik izango.

Ez, egia esan Xalarekin beti aritzen naiz oso gustura. Lehen urtean txapela jantzi genuen; bigarrenean, berriz, finalerdietara iritsi ginen. Aurten ez gara oso ongi hasi, halere, biok gustura jokatzen dugu batera. @:Azken urteotan Xalak nabarmen egin du hobera, zuk bikote moduan ere nabarituko zenuen?

Bai, iazko txapelketetan eta pasa den udan primeran jokatu zuen. Xalak asko ikasi du, orain askoz hobeto kokatzen da kantxan eta pilotari konpletoa bihurtu da. Egun aurrelari onenetarikoen artean dago.

Betidanik esan da txapelketetako Oskar Lasa desberdina dela, motibazio kontua da bakarrik?

Ez dakit, nire ustez hori pilotari guztiei pasatzen zaie, txapelketan askoz motibazio gehiagorekin irteten zarelako. Ulertu beharra dago udako erritmoa, hilabetero hamabi edo hamalau partidarekin, edo negukoa ez dela berdina; lau baino jokatzen ez dituzunean.

Aurten noraino iritsi zaitezkete?

Beno, pausoz pauso joan beharra dago. Ez da hurrengo kanporaketaz hurrunago begiratu behar, partidaz partida baizik.

Binakakoa zure txapelketa da, hirutan txapeldun, iaz, berriz, finalista. Hori bai, beti goian.

Egia da, azken hiru edo lau urteetan nahiko ondo aritu izan naiz. Nire txapelketa? Beno, hori gehiegi esatea da, zortea izan dut lagun, beti ere bikote oso onak jarri izan baitizkidate. Ea aurten bolada gozoari eusten diogun.

Beste bikoteak nola ikusi dituzu?

Beno lehen fasean Berasaluze-Ruiz eta Olaizola I.a-Zearra oso ongi aritu dira, hiru partidak irabazi dituzte eta niretzat ligaxkako bikote indartsuenak izan dira. Orain, aldiz, dena da desberdina eta nola aritzen diren ikusi beharra dago.

Gaia aldatuz, zer iruditu zaizu Jorge Nagorek harturiko erabakia?

Zaila da esaten, bakoitzak dakielako bere erabaki pertsonalak zergatik hartzen dituen. Hala ere ez dut uste, hor, enpresa oso ondo ibili denik, Nagorek bolada onak izan dituelako. Bere erabakia da, errespetatu beharra dago eta kito.

Zer moduz pilota eskolako umeekin?

Ongi, oso ongi. Zubieta eta biok ibiltzen gara hemen, Etxarriko pilota eskolan. Lehen Olaztin bi urte eta erdi egin nituen entrenatzaile gisa. Orain, berriz, hemen, herrian, hiru hilabete daramatzat eta oso ongi gabiltza. .

Ezohiko pilotaleku batean jokatuko duzue, Urdulizen, ezagutzen al duzu?

Bai, bi edo hiru aldiz jokatu dut bertan, frontoi polita da.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE