ASTEBURU HONETAN, KANPORAKETA BAKARRA

XV. Berria Txapelketako final-zortzirenetako hirugarren jardunaldia asteburu honetan jokatuko da, baina zoritxarrean kanporaketa bakarraz gozatu ahal izango dute pilotazaleek. Besteak beste, Iparraldeko selekzioak seikoterik osatzen ez zuela eta, uko egin baitio lehiaketan parte hartzeari. Ondorioz, Lazkaoko LAPKE final-laurdenetan izango da zuzenean. Jokatuko den kanporaketa Usurbilgo Pagazpe eta Orozkoko Olgetan elkarteen artekoa izango da. Zehazki, igandean goizeko 11:00etan neurtuko dituzte indarrak Hernaniko Udal pilotalekuan, eta gipuzkoarrak oso faborito aterako dira.

 

Kadeteetan Albeniz-Lasa (Pagazpe) eta Arandia-Olaizola (Olgetan) lehiatuko dira. Bizkaitarrak faborito irtengo dira hasiera batean, bikote sendoagoa osatzen dutelako eta Euskal Herriko txapelketan ere irudi ona eman zutelako. Hori bai, gipuzkoarrak ere saiatuko dira ezustea ematen.

Gazte mailan Pagazpek oso bikote ona kantxaratuko du: Galarraga eta Aranguren. Azken horrek debuta egingo du Asegarcerekin datorren hilabetean, eta oker  handirik ezean, bigarren puntuak Gipuzkoarako bidea hartuko du. Olgetan elkarteko Barbarak eta Oruek oso zail izango dituzte kontuak.

Azkenik, nagusien mailan Exposito-Gorrotxategi (Pagazpe) eta Pagazaurtudua – Pagazaurtudua (Olgetan) lehiatuko dira. Hemen ere faborito garbi aterako da Gipuzkoako elkartea, maila horretan bikote onenetakoa baitauka. Exposito bere ere begiz joa dute enpresa profesionalek, eta Gorrotxategik urteak daramatza afizionatu mailako atzelari onena izaten.

 

 

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE