Asteburu honetan XIII. BERRIA Txapelketako final-zortzirenetako beste bi kanporaketa jokatuko dira. Batetik, ostiaralean Galdakaoko Adiskidek etxean hartuko du Lazkaoko LAPKE, eta larunbat goizez Amezketako Zazpi Iturrik gauza bera egingo du Munitibarko Lea Ibarraren kontra.
Hain zuzen ere, ostiraleko jaialdia 19:00ean abiatuko da Galdakaoko Kurutzeta pilotalekuan. Hasiera batean, kanporaketa orekatua eta berdindua espero da, eta gerta daiteke kadeteen arteko partida erabakigarri gertatzea. Ondorengo pilotariek jokatuko dute.
ADISKIDE – LAPKE
K: Muñozguren-Varona / Ruiz de Larramendi-Baztarrika
G: Karregal-Artola / Zubizarreta-M.Garmendia
N: Elezkano-Kantxo / Urretabizkaia-B.Garmendia
Kadeteen arteko norgehiagoka berdindua aurreikusten da. Adiskideko taldeak Varona atzelaria fitxatu du Usansolotik, eta Muñozgurenekin batera bikote ona osatzen du. Lazkaoko bikotean bi aurrelari ari dira, Ruiz de Larramendi eta Baztarrika, baina erakutsi zuten lehen jardunaldian Azkoitiaren aurka maila handia daukatela. Hortaz, lehia ikusgarria gerta daiteke. Urduritasuna hobetoen eusten duenak asko izango du erabakita.
Gazte mailan LAPKE faborito garbia izango da. Maila horretan dagoen aurrelaririk onenak jokatuko du, Zubizarretak, eta Garmendiaren laguntzarekin ez luke aparteko arazorik behar 22ra iristeko.
Nagusietan, azkenik, goi mailako lau pilotarik parte hartuko dute, eta zaleek izango dute zer gozatua. Aurrean, maila handiko bi ariko dira. Adiskidetik Elezkano eta LAPKEtik Urretabizkaia. Kantxo eta Garmendia atzelariek, berriz, lana erruz egingo dutela jakinekoa da. Esperientzia alde dute bizkaitarrek, baina freskotasuna gipuzkoarrek. Hortaz, hobekien asmatzen duenak irabaziko du.
——————————————————————————————————————————————————————————————–
Larunbatean 10,30tan Amezketako Larrunarri pilotalekuak hartuko du BERRIA Txapelketa, eta hain zuzen ere Zazpi Iturri eta Lea Ibarra lehiatuko dira. Kanporaketa berdindua espero da gazte eta nagusi mailan, kadete mailan Gipuzkoako bikotea faborito irtengo da. Ondorengoak izango dira partidak.
ZAZPI ITURRI – LEA IBARRA
Kadeteak: Zabala – O.Zubeldia / Albizu – Anitua
Gazteak: J.Zubeldia – Aizpitarte / Kortazar – Zezeaga
Nagusiak: Labaka – Mendia / Uriona – Jaio
Kadeteetan Zazpi Iturri izango da faboritoa. Bi pilotari on ditu, Zabala eta Zubeldia, eta atzelariak batez ere maila sobera du erakustaldiak emateko. Albizu eta Anitua bizkaitarrek ongi jokatu zuten lehen kanporaketan, baina lana gogotik egin beharko dute ezustea emateko.
Orekatuagoa aurreikusten da gazte mailako partida. Bi taldeek atzelariak fitxatu dituzte, Zazpi Iturrik Azpitarte eta Lea Ibarrak Zezeaga, eta partida interesgarria izango da. Puntu erabakigarria egon daiteke jokoan.
Nagusienak ere interes berezia piztuko du. Peru Labaka gipuzkoar aurrelaria sasoi betean dago, eta Mendiaren laguntzaz partida aurrera ateratzeko aukera handiak izango ditu. Hori bai, Urionak eta Jaiok esperientzia dute lagun, eta gauzak zail jarriko dituzte.