Jai Alai News
Markina-Xemeingo izatearen parte da udal pilotaleku edo «Unibertsitatea». Herri erdi-erdian dago. Karmengo plaza ondoko zebra bidea gurutzatu eta arkupeen albotik igarota, bertan dago frontoia. Herriaren beste sinboloetako bat den «Zelai» ezagunetik ere, han ikusi liteke beti, pare-parean, fatxada urdindun pilotaleku ederra. 1798 – FRONTÓN – 1928. Ez da erraza hain aspaldiko datak irakurtzea pilotaleku batean. Horrek berak erakusten du historiak pisu handia duela Markina-Xemeinen. Baina etorkizunak ere bai.
Urte guztian dago martxan 54 metro luzeko kantxa ume eta gazteen ensaioetarako, eta barikuetan falta ezin diren partiduetarako. Kantxero, klubeko arduradun, guraso eta pelotari izandakoak han izaten dira harmailetan jarrita, gazteen hobekuntza egunez egun adi jarraitzen. Zesta-puntaren benetako militanteak dira, urteko hamabi hilabeteetan. Uztaileko Karmen jaiekin profesionalak heltzen dira. Atentzio berezia jasotzen du orduan Unibertsitateak, eta herri guztiak nahi du frontoira joan. Kontra-kantxako metalezko atea da urte guztiko zesta-zaleen sarbidea, baina Karmenetan ate nagusia zabaltzen dute. Eta urte osoan frontoian ikusten ditugun klubeko lagunak, «txaleko horia» jantzi, eta benetako auzolanean aritzen dira antolakuntza beharretan. Mundu afizionatua eta profesionala ez dira bi gauza, gauza beraren hanka bana baino. Aurten ez da jairik izango, baina partiduak bai.
Josu Mugartegi «Atain» da klubeko presidentea eta berak eman digu datua. «Laurogehi bat pelotari ditugu gutxi gora-behera Markina-Xemeinen, nagusi zein txiki». Osasunez, oso egoera onean dagola eskola diosku eta ostiralean hasiko den txapelketari begira ilusioz daudela. «Gazteei asko gustatzen zaie euren erreferenteak direnak, aurrez aurre ikustea, eta hori ona da». Atainen esanetan beti da pozgarria profesionalak ikustea, «eta munduko onenak badira, hobeto».
Azken urte hauetan Gernika Jai Alai enpresarekin elkarlanean aritu dira torneo profesionalak herrira ekartzeko. «Gaizka Muniategirekin harreman oso ona daukagu, eta aurten ere, denon artean lan eginda gauzak asko erreztu ditugu». Master Series-etan Goikoetxea-Etxeto, Beaskoetxea-Lekerika, Erkiaga-Aldazabal eta Hormaetxea-López bikoteak izango dira Markina-Xemeinen. Seguruenik, azken urteotan antolatu duten txapelketarik onena da, eta gainera covid-19agatik hain egoera berezia bizi dugun honetan. Baina bigarren txapelketa bat ere bada martxan, egun berdinetan: Barandika-Ibarluzea, Antxon-Zabala, Goixerri-Manzisidor, Arbe-Mandiola eta jada kalean geratu diren Alex Goitia-Aimar eta Aaron-Salegi bikoteekin.
«Esfortzu handia egin dugu guztiok. Pelotariek, enpresak, udalak eta zesta-punta elkarteak, eta hori eskertu egin nahi dugu». Izan ere, %60ko aforoa izango du egun hauetan frontoiak, segurtasun protokoloa bete egin behar da (distantziak zaindu eta babes maskarak jantzi), sarrerez gain tabernan ere irabaziak txikiagoak izango dira duda barik… baina txapelketa hau garrantzitsua da zesta-punta klubarentzat. «Ekonomikoki urteko gastu askori aurre egiteko beharrezkoa dugu profesionalen txapelketa, eta lortzen dugun dirua beti inbertitzen dugu material eta abarretan». Aurten zalantza gehiago izango da, eta arriskua ere denentzat handiagoa da.
Ilusioa eta ardura beraz. Ilusioa Markina-Xemein izango delako lehen herria, koronabirusaren krisi latz honetan, zesta-punta partidu profesionalak eskeiniko dituena. «Herrian ere ilusio hori igartzen da». Eta ardura, guztiok nahi dugulako dena ondo ateratzea. «Geu izan behar gara arduratsuak».
Sarrerak 20 eurotan daude, eta enkarguz hartzeko metodoak, 688.813.775 (Santi Olabe) telefonora deituta edo Udaletxeko harreran eskatuta bestela. Ostiral honetan gaueko 22:00tan lehenengo zita handia:
BARANDIKA-IBARLUZEA vs GOIXERRI-MANZI
ERKIAGA-ALDAZABAL vs BEASKOETXEA-LEKERIKA (Master Series)
Antolatzaileek lan itzela egin dute, aspaldiko txapelketarik onena ekarriz.
Orain Markina-Xemeingo herriak erantzutea bakarrik falta da.