Binakako Txapelketako bigarren jardunaldiak atzeko koadroetara begira jarri gaitu. Izan ere, bertan topatu ditugu asteburuko protagonista nagusiak, frontisetatik urruti, beren aurrelariei itzala egiten.
Bikote bakoitzak bina neurketa baino ez dituzte jokatu orain arte, baina kazetariak eta zaleak hasi dira jada urduritzen, eta dagoeneko hamaika kalkulagailu daude hor nonbait zifrak dantzan jartzen ari direnak. Egia da, Xala-Barriola eta Olaizola II-Begino bikoteek bina garaipen dituztela, eta sailkapenaren buruan daudela. Eta horrek bere garrantzia badu, noski baduela. Baina hori baino askoz inportanteagoa da lehiaketen hastapenetan bikoteek zein maila ematen duten. Hogeita bira iristea ezinbestekoa da, bai, baina are garrantzitsuagoa da aurrelariaren eta atzelariaren konexio ona. Atzo Logroñora begira jartzea baino ez dago.
Beginoren, Barriolaren, Apraizen eta Merino II.aren astebukaera izan dela iruditzen zait. Lau atzelariek norgehiagoka txukunak egin dituzte, eta batez ere beren maila erakutsi dute.
Argia da oso Abel Barriola. Eta ostiralean beste behin hori bera erakutsi zigun. Laskurainek bizkarra erakutsi zion behin baino gehiagotan, baina Leitzakoak lanean jarraitu zuen, sendo, pilota frontisean jartzen, ona eginez, lehenago edo beranduago beraren eta Xalaren aukera iritsiko zela jakinik. Eta pazientzia horri esker Soraluzeko atzelaria baino indartsuago iritsi zen neurketa amaierara.
Tolosan ere atzelari bati begira jarri behar! Neurketa nahiko txarra izan bazen ere, Apraiz izan zen pilotakadarik onenak jo zituenak. Ea aurrerantzean progrezio hori erakusterik baduen.
Larunbatean Begino izan zen nagusi Labriten. Partidaren erdialdera arte partida txukuna egin zuen, baina hortik aurrera hazi egin zen, eta azken partean hautsi zuen neurketa, errebotetik oso gertu hamaika pilotakada jarriz.
Adarragako partida eroa
Igandean Adarragan ikusitakoak zur eta lur nauka oraindik. Askok ez zuten Lasa-Merino II bikotearenganako inolako esperantzarik. Nik argi nuen Urretxuko aurrelaria gogoz kantxaratuko zela, eta Merino II.ak ere bere zaleen aurrean partida biribila egin nahi zuela, eta ez zidaten hutsik egin.
Bikote gazteak beteranoak baino maila hobea eman zuen, eta, are garrantzitsuago dena, bikote bat zirela agerian utzi zuten.
Izan ere, bikotea pilotari bik osatzen dute. Hala izan zen Lasaren eta Merino II.aren kasuan. Ez, ostera, Titin III eta Pascualenean. Pilotari bi, bai, baina bikoterik ez inondik inora. 10-2koan bien artean izandako liskarrak penatuta utzi ninduen. Atzora arte sekula ez zaitzaidan halakorik tokatu frontoi batean.
Baina tira, partida bat baino ez zen izan, akatsak denok egiten ditugu, eta hoietatik ikasi beharko dute orain errioxarrak eta nafarrak. Txapelketa hasi baino ez da egin, eta garaiz dabiltza jarrera hori aldatzeko.
Hala ere, ez nuke zutabe hau zapore garratz honekin amaitu nahi, eta Logroñon Merino II.ak egindako lana azpimarratu nahiko nuke. Ia pilotakada guztiak gozatu zituen atzelari errioxarrak, eskuinez zein ezkerrez. Airez ere bikain jo zuen pilota, eta kantxan alde batetik bestera arin mugitu zen, nekearen arrastorik erakutsi gabe. Bikaina benetan!