Beizamako atzelaria banakako txapelketarako sailkatu da, atarikoan Esaini irabazita, eta Enrike Galartza izango du aurkari lehen fasean
Atzo jakin zen zein izango den EPELen buruz buruko txapelketan parte hartuko duen hogeigarren pilotaria: Kepa Peñagarikano. Iñaki Esain hartu zuen mendean, Asegarcek antolaturiko atariko partidan. Beizamako atzelariak denbora askoan ezkutuan izandako grina eta joko ona plazaratu zituen, eta 11-1 galtzen hasi bazen ere, partidari buelta ematea lortu zuen. Buruz buruko txapelketako aurreneko partidan Enrike Galartza izango du aurkari, Tolosan bertan. Baraibarko aurrelaria Beotibarrera joan zen atzo, lehen fasean aurkaria izango duena bertatik bertara ikusteko.