AZPEITI ETA TOLOSA, FINALERDIETAN

Gipuzkoak izango du gutxienez ordezkaritza bat XV. Berria Txapelketako finaletan. Besteak beste, pasa den asteburuan finalerdietarako sailkapena lortu eta finalaren lehian elkar ikusiko baitute Azpeitiko Ilunpek eta Tolosak, bi aste barru. Hirutik hiru partidak irabazita, azpeitiarrek mendean hartu zuten Doneztebeko Erreka igande goizez, eta arratsaldean tolosarrek ez zuten hutsik egin Zeanuriko Joko Alairen kantxan. Hortaz, Gipuzkoako pilotak punta puntan jarraituko du beste urtebetez.

ILUNPE 3-0 ERREKA

Erreka

Jokaturiko partida guztiak irabazi arren, Azpeitiko Ilunpek ederki sufritu behar izan zuen Doneztebeko Erreka garaitzeko. Kadeteetan jaialdiko partida onena ikusi zuten pilotazaleek, gogortasuna eta oreka nagusi izan baitzituen lehiak. Ongi kantxaratu ziren bi bikoteak, eta nor baino nor gehiago aritu ziren Alberdi II.a eta Labaka gipuzkoarrak eta Berakoetxea eta Loiarte nafarrak. Lehen zatian errespetua azaldu zioten elkarri, baina handik aurrera Alberdi II.ak hartu zuen aginte makila. Abiadura eman zion pilotari, eta horri esker 15-10 aurreratu zen Ilunpe. Errekak ez zuen etsi, 17-15era ere gerturatu zen, baina berriz Alberdi II.aren kalitatea azaldu zen. Une erabakigarrian ez zuen kale egin gazteak (22-15).

Jaialdiko bigarren neurketa ere lehiatua izan zen, baina ia beti bizpahiru tantoko aldea izan zuten Iriarte eta Egiguren azpeitiarrek Telletxea eta Agirreren aurrean (8-6, 11-8 eta 15-12). Egiguren sendo aritu zen atzeko koadroetan, baina Iriarteren akatsek bizia eman zieten nafarrei. Telletxea bera ere ausart aritu zen. Hori bai, eskuin eskua mindu zitzaion azken txanpan, eta uste baino errazago irabazi zuen Ilunpek (22-13).

Kalkuluak eginda, azpeitiarrek aski zituzten sei tanto nagusien mailan finalerdietara sailkatzeko. Ederki kosta zitzaien helburua lortzea, ordea. Barandiaran eta Tabar Errekakoak ezer galtzekorik gabe atera ziren kantxara, eta ia dena atera zitzaien ongi. Ondorioz, 5-11 aurretik heldu ziren lan erdietara. Orduantxe egin zuten seigarren tantoa Alberdi I.ak eta Murgiondok, eta horrek emandako lasaitasunaren eraginez, partida sartu eta irabazi egin zuten azkenean (22-18).

 

JOKO ALAI 1-2 TOLOSA

Azpeitian bezala, Zeanurin ere goi mailako jaialdiaz gozatu ahal izan zuten pilotazaleek, igande arratsaldez. Frontoiko harmailak leporaino zirela, etxeko taldeak ez zuen ezustea eman Tolosaren aurrean, baina txapelketako sorpresarik handiena izan da Joko Alairen lana, lehen parte hartzean final-laurdenetara sailkatu baita. Tolosari irabazteko, bizkaitarrek bazekiten kadeteen puntua oso garrantzitsua zela, eta ezin izan zuten irabazi. Besteak beste, Altuna eta Ugartemendia gipuzkoarrek 22-14 menderatu zituzten Erkiaga II.a eta Emaldi. Partidaren lehen zatia orekatua joan zen (8-11), eta bi aurrelarien ausardiak zeresana sortu zuen. Handik aurrera behera egin zuten Joko Alaikoek, batez ere Erkiaga II.ari eskua mindu zitzaiolako, eta hori Tolosakoek ez zuten barkatu.

Joko Alai

Kanporaketak norabide aldaketa izan zuen gazteen arteko neurketan. Faborito ziren Urigoitia eta Erkiaga I.a bizkaitarrak, baina ez zuen inork usteko hain erraz irabaziko zutenik. Goikoetxea eta Etxeberria gipuzkoarrek benetan egun traketsa izan zuten, eta 22-5eko emaitzarekin bana ipini zen kanporaketa.

Gauzak hala, azken partida irabazten zuenak lortuko zuen finalerdietarako sailkapena. Labaka eta Telletxea gipuzkoarrak urduri hasi ziren, eta Mendia eta Beobide partidan sartuta mantendu ziren 5-8kora arte. Hortik aurrera atzelari gipuzkoarrak pilota asko sartu zuen ezker horman, eta hori baliatu zuen Labakak errematean erakustaldia emateko (8-22).

 

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE