AZPEITIKO ILUNPE ETA HERNANI, FINAL-LAURDENETAN DIRA BERRIA TXAPELKETAN

Hernani

Etxean jokatzearen abantaila baliatuta, Azpeitiko Ilunpek eta Hernanik irabazi egin dituzte XIV. Berria Txapelketako kanporaketak pasa den asteburuan, eta elkarren aurka lehiatuko dira final-laurdenetan, ekainaren 4an. Gipuzkoako bi taldeek azaldu dute talde indartsuak dituztela, eta txapelak janzteko hautagaien artean ageri dira. Ondorengo emaitzak izan ziren Hernanin.

 

HERNANI 2 MARKINA 1

Nagusiak: Ojuel – Aizpitarte 22 Albizu – Pujana 17

Gazteak: Arizmendi – Insausti 5 Agirremalloa – Ibarloza 22

Kadeteak: Garmendia – Zugasti 22 Sololuze – Azpiazu 3

 

Ezohikoa izan arren, nagusien arteko partidarekin hasi zen jaialdia, pilotari batek lan ordutegiarekin arazoak zituelako. Bada, Hernanik lortutako puntua erabakigarria suertatu zen gerora. Besteak beste, Ojuelek eta Azpitartek 22-17 hartu zituzten mendean Albizu eta Pujana. Maila bikaineko neurketa jokatu zuten, batez ere bi atzelariak nabarmendu ziren, eta azken txanpara arte ez zen ezer erabaki. Bi aurrelariek ez zuten egunik onena izan errematean, baina esperientzia lagun, Ojuelek behetik gora egin zuen azken tantoetan, eta 22ra heldu ziren hernaniarrak. Hori bai, bizkaitarren lana ere goraipatzekoa izan zen.

 

Gazteen partida izan zen jaialdiko bigarrena, baina ez zuen kolorerik izan. Euskal Herriko txapeldunak dira Agirreamalloa eta Ibarloza markinarrak, eta erakutsi zuten zergatik. Hasi eta buka, nor bere eremuan nagusi izan ziren, eta bost tantoan utzi zituzten Arizmendi eta Insausti. Azken horri urduritasunak eragin zion, eta ez zuen esperotako mailarik eman. Hori bai, gaur-gaurkoz maila horretako bikote onena osatzen dute markinarrek.

 

Beraz, kadete mailako lehiak erabakiko zukeen kanporaketa. Emoziorik ez zen falta partida hasi arte, baina lehen tantoetan ikusi zen askoz gehiago zirela hernaniarrak. Azken orduko hutsunea izan arren, Salaberriak eskuetan min zuelako, ez zuen hutsik egin etxeko taldeak, eta sufritu beharrik irabazi zuen. Garmendiak eta Zugastik 22-3 menderatu zituzten Sololuze eta Azpiazu. Zugasti izan zen laukoteko onena. Ongi agindu zuen atzeko koadroetan, eta ez zien inolako aukerarik eman aurkariei.

 

———————————————————————————————————-

 

ILUNPE 3-0 TXUKUN LAKUA

Kadeteak : Alberdi II – Unanue 22-8 Orue – Otxoa

Gazteak: Egiguren-Iriarte 22-9 Uribe-Alvarez de Eulate

Nagusiak: Etxaniz-Murgiondo 22-15 Iribarren-Perez

 

Joan den urteko moduan, indartsu ekin dio txapelketari Azpeitiko Ilunpek. Besteak beste, finala galdu zuen iaz Doneztebeko Errekaren aurka, eta aurten ere ez da oso urrun ibiliko, talde sendoa duela erakutsi baitzuen pasa den igandean, Gasteizko Txukun Lakuari 3-0 irabazita.

 

Kadete mailan, Alberdi II.ak eta Unanuek 22-8 menderatu zituzten Otxoa eta Orue. Partidak hasiera orekatua izan zuen, baina urduritasuna gainditutakoan, gehiago izan ziren azpeitiarrak. Gaztea izanagatik, bere gain hartu zuen erantzukizuna Alberdi II.ak, eta denetariko tantoak egin zituen. Unanuek ere ongi lagundu zion.

 

Ildo beretik jo zuen gazteen arteko partidak. Oreka gehiago espero zen hasiera batean, baina oso nagusi izan ziren Egiguren eta Iriarte, 22-9 irabazi baitzieten Uribe eta Alvarez de Eulateri. Bi aurrelariak maila onenekoak izanik, haien arteko lehia bizia espero zitekeen eta eskaini zituzten tanto onak, baina Iriarte azpeitiar atzelaria izan zen laukoteko onena. Ederki mugitu zuen pilota ezker eskuin, eta ahal handia duela ez dago dudarik.

 

Gauzak hala, jokoan ezer ez zutela kantxaratu ziren nagusi mailako pilotariak. Hots, haiena izan zen jaialdiko partida politena. Intentsitate falta igarri zitzaien lehen tantoetan, baina inork ez zuen galdu nahi izan, eta azkenerako Etxaniz eta Murgiondok 22-15 irabazi zuten Iribarren eta Perezen aurka. Atzeko koadroetan kalitatea nagusitu zen, eta aurrean tanto onak eskaini zituzten.

 

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE