XIV. Berria Txpelketako final-laurdenetako lehenengo kanporaketa jokatu zen joan den igande goizean Hernanin, eta etxeko taldeak ez zuen ezer egiterik izan Azpeitiko Ilunpe indartsuaren aurka. Besteak beste, hiru partidak irabazi zituzten azpeitiarrek, eta beste urte batez, txapelerako hautagai sendoak direla agerian geratu da. Ondorengoak izan ziren emaitzak.
ILUNPE (AZPEITIA) 3 HERNANI 0
Kadeteak: Alberdi II – Unanue 22 Salaberria – Zugasti 18
Gazteak: Egiguren – Iriarte 22 Agirre – Insausti 12
Nagusiak: Alberdi – Murgiondo 22 Ojuel – Lizeaga 17
Kadeteen arteko partida polita eta gogorra izan zen. Ilunpeko Alberdi II.a eta Unanue hobeto hasi ziren, eta horregatik aurreratu ziren markagailuan: 8-4 eta 11-5. Zugasti Hernaniko atzelaria gehiago zen atzean, baina Unanueren sendotasunak asko balio izan zuen, Alberdi distiratsu aritu baitzen aurreko koadroetan. 15-7koarekin bazirudien ia erabakita zegoela lehia, baina orduan hasi ziren ondo jokatzen Salaberria eta Zugasti, eta 15na berdin jarri zuten partida. Kontuak asko estutu ziren hortik aurrera, inork ez zuelako arriskatu nahi izan, eta Alberdi II.aren kalitateak eraman zuen lehen puntua Azpeitira.
Gazte mailako partida ere gogorra izan zen, nahiz eta emaitzak bestelakorik adierazi. Ilunpeko Egiguren eta Iriarte faboritoak ziren, baina gogor lan egin behar izan zuten puntua lortzeko. Egiguren nagusi zen atzean, eta haren agintea ez zuen alferrik galdu Iriartek. Tanto politak eskaini zituen aurreko koadroetan. Ordea, borroka eta lehian oinarrituta, 15-12ra arte bizirik jarraitu zuten hernaniarrek. Hortik aurrera, saskitik pilota berri bat atera ondoren, 22ra zuzenean joan ziren azpeitiarrak.
Gauzak hala, nagusien mailan Azpeitiak aski zuen zortzi tanto egitea, baina ez ziren horrekin konformatu Alberdi I.a eta Murgiondo. Partidak hasiera gogorra izan zuen: bi atzelariak lan ona egin zuten atzean, eta aurrelariek txalo sorta ugari jaso ahal izan zuten. Markagailua berdinduta egon zen: 8-6, 11-10, 12na eta 12-15 hernaniarrak aurretik. Une horretan, Lizeaga hernaniar atzelariari eskuin eskua mindu zitzaion, eta azpeitiarrei lanak erraztu zitzaizkien. Azkenean 22-18 irabazi zuten.