Baietz ematen du

Xalak hanka geldian aukeratu zituen pilotak, baina «arazorik gabe» ariko da igandean; jokatzeko «amorratzen» dago Irujo
Enekoitz Telleria / Berria

Baiezkoan daude. Baietz. Jokatu egingo dela Eskuz Banakako Txapelketaren finala igandean. Ez seguruenera bi finalistetako bat berak nahi eta gehienek uste bezain ongi dagoelako, baina jokatu egingo dela. Beste erremediorik ez dagoelako jokatu, ezin baita finala gehiago atzeratu, eta jokatu beharra dago. Inork horren gordin esan ez duen arren, hori da askoren pentsaera.

Atzo Atano III.a frontoira joandako ehunka lagunetatik asko irten ziren hori buruan zutela. Kantxako jarleku gehienak bete ziren pilotazalez, eta kontrakantxa kazetari eta kamerez. Xala eta Ladutxe pilotak aukeratzen lehenengoak. Hanka geldian ia gehienetan Lekuinekoa. Herrenka ez, baina arintasun handirik gabe. Zazpi minutu nahikoak izan zituzten Juan Mari Juaristi Atano X.a-ren otarretik bi pilota aukeratzeko. 104 eta 104,7 gramokoak. Larrua bueltatutakoa bat eta normala bestea. Pilota pisuak nahi zituela aitortu zuen Xalak, eta berehala gustatu zitzaizkiola bi horiek «Irujori arinak gustatzen zaizkiolako». Orkatila oraindik handituta daukala, baina normala dela min hartu osteko lehenengo eguna zelako atzokoa. «Beste hiru egun dauzkat eta askoz hobeto jarriko zaidala esan didate. Ongi lotuta, ez dut arazorik izango».Gernikan elkarren kontra jokatutako partida izan zuen Xalak hizpide. Ongi aztertu dutela eta badakiela nola jokatu. «Frontisean pilota gehiago dauzkat sartu beharra. Jokaldia egiten bera saiatuko da. Fisikoki ongi nago, tantoa luzatu eta sufritzen saiatuko naiz. Taktikaz aldatu behar bada, hor dago botileroa esateko».Irujo jokatzeko irrikan dagoela badaki Xalak, baina berak era badauka jokatzeko gogoa: «Denbora asko daramat buruari bueltak ematen». Partida on bat egitea du helburu, «minik gabe». 200 sarrera eskatu ditu eta 80 familiakoak direla dio, gainditu duela gastroenteritisa eta galdutako kiloak berreskuratu dituela. «Amak ongi zaintzen nau».

Irujorentzat «finaletako pilotak dira onenak»

Xalak baino hamar bat minutu gehiago egin zituen Irujok, Urzainkirekin, pilotak aukeratzen. Larrua bueltatutako biak. 104,2 eta 104,3 gramokoak. «Bi final jokatu ditut eta esan dezaket finaletan jartzen dituztela pilota onenak». Jokatzeko «amorratzen» dagoela esan zuen Irujok. «Oraintxe bertan balitz ere primeran». Mementoz lasai dagoela, baina badakiela igandean nerbioei eustea ez dela erraza izango. Bizkarreko arazoak gainditu ditu. «Tontakeria bat baino ez zen izan». Finala «oso irekia» ikusten duela dio, eta «lasaien jokatzen duenak» irabaziko duela. Ez dauka, dena dela, estrategiaz aldatzeko asmorik.

Bigarren finala du Irujok igandekoa, eta binakakoan «presakaegi» aritu zela aitortu zuen. «Xala ere urduria da. Lasai jokatuta biok jokatzen dugu pilotan, bestela, inork ez». Ez botileroak, ez aitak, ezta Etxanizek berak ere ez zutela nahi bera Lehen Mailako buruz burukoan aritzea esan zuen, baina «kaskagogor» jarri zela, eta «engainatu» egin zituela. Garbi dauka partida nolakoa izango den: «Bost-sei koadroan jarriko gara eta airez emango diogu guztiari. Arnasa hartzeko denborarik gabe. Pentsatzeko denborarik gabe».Jarraitzaile asko espero ditu. «Ibero ondoko herri bateko jaiak dira [Etxauri], eta ederrak etorriko dira batzuk!». Oporretara asteartean bertan doa: Dominikar Errepublikara. «Hara ezingo didazue deitu».

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE