Bakarkako lehen txapela lortu du Errandoneak

·Ia 40 urterekin, 22-20 irabazi zion finala atzo Berakoak Armendarizi
ARMENDARIZ 20
ERRANDONEA 22

Jon ORMAZABAL / Gara

IRUÑEA Asko itxaron behar izan du ­hilaren 30ean 40 urte beteko ditu­, baina Inaxio Errandoneak badu dagoeneko bakarkako txapel bat. Buruz burukoan bi final, eta lau eta erdikoan beste bat galdu ostean, enpresa berria sortu duen urtean bertan lortu du Berakoak lehen titulua ­87., 89., 95. eta 99. urteetan binakako txapelak jantzi zituen­, iragarpenen kontra Karlos Armendarizi Nafarroako lau eta erdiko txapelketako finala irabazi ostean.

Hori bai, asko sufrituz eskuratu zuen garaipena; izan ere, Armendariz faboritoak aurrea hartu zuen markagailuan 6-1, partida hasi eta berehala. Errandoneak ez zuen etsi, hala ere, eta poliki-poliki bere erritmoa ezartzen joan zen, pilota eutsiz eta luze jokatuz, eta hamaikana berdintzea lortu zuen. Berako atzelariak jokaldi politak egin zituen, eta bi paretaz tanto zoragarriak sartu, indarka defendatu zen Armendarizi.

Zirrara izan zen nagusi partidaren bigarren erdian eta, hogeina berdindu ostean, unerik erabakigarrienean hartu zuen aurre Errandoneak, eta txapela 22-20 eskuratu.

Pozik zen Berako atzelaria lehen txapela eskuratu ostean eta txapelketa hau EPELeko txapelen itzalean geratu den arren, beretzat balio izugarria omen du atzoko garaipenak. «Frontisentzat ere oso garrantzitsua izan da, Nafarroako Federazioarekin halako txapelketa ospetsua ondo antolatu dugulako», azaldu zuen txapeldunak.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE