Enekoitz Telleria / Berria
Asmatzen ez duenari ez duela asmatu esatea, eta asmatu duenari asmatu duela esatea. Bakoitzari berea. Hori da legea, eta hortik abiatuta esan behar zaio Juan Martinez Irujo txapeldunari oraingoan baietz, oraingoan asmatu duela. Behar zen unean eta behar zen moduan asmatu. Txapeldunek egin ohi duten moduan asmatu. Erantzukizunari muzinik ez, alferrikakorik ezer ez. Jokoari berak neurri hartuta, eta ez jokoak berari gaina hartuta. Proportzio egokian beti. Bakoitzari berea.
Pilotari ezberdina baita Irujo. Herenegun Ogetan ari zen moduan arituta oso aukera gutxi ditu kontrarioak hari aurre egiteko. Joa duelako bortitza, eta tantoa amaitzeko abilezia itzela. Haren erritmoan itotzen dira aurkariak, eta Ogeta bezalako frontoi batean batere errekurtsorik gabe uzten ditu aurrelari zein atzelariak bost partida jokatu ditu han profesionaletan ari denetik eta bostak irabazi ditu. Fernando Goñi lagunaren sen onaz kutsatuta edo, partidan sartuta, ideiak garbi, eta jokoan zegoenaz jakitun aritu zen txapelduna, parean jarritako guztiarekin jo eta hautsi hasi beharrean, aukeraketa egokia eginez. Hori baita, eskatzekotan, gehiagotan egitea eskatuko geniokeena: jokoan dagoenaz jakitun, jarrera horrekin aritzea. «Aurten gehiago eskatzen dit jendeak. Baina hori ez dago gaizki. Seinale ona da». Txapeldunak berak Ogetan esandakoa da, herenegun. Baimena badaukagu.
Bi urteren buruan profesional mailako hiru final jokatzea ez dago edonoren esku. Juan Martinez Irujok lortu du. Txapeldunorde gelditu zen binaka jokatu zuen bere lehenengo finalean (2004an, Lasa III.arekin), txapeldun ondoren buruz buru jokatutako lehenengoan (2004an, Xalaren kontra) eta hirugarren finala jokatuko du hilaren 20an (2005ean, Goñi III.arekin). Bost lehiaketa ofizialetan hartu du parte eta hirutan finalera iritsi da. Bakoitzari berea.Irujori berea, eta Goñi III.ari berea binakako txapelketako bere hirugarren finala da, eta irabazi egin ditu aurreko biak (2001eko Olaizola I.aekin, eta 2004koa Titin III.arekin). Bengoetxea VI.ari berea lehenengo aldiz ari da aurten eta finala jokatuko du, eta Belokiri berea binakako bere seigarren finala jokatuko du, eta bi ditu irabazita (1995ekoa Capellanekin, eta 2003koa Kokarekin). Itxura ederra du finalak, eta izango da zeren inguruan aritu bi aste hauetan.
Boteprontoan: Asmatu behar zutenean asmatu zuten batzuek, eta asmatu behar zutenean egin zuten kale besteek. Asier Olaizolak eta Oier Zerrak txapelketa bikaina egin dute, baina egunik aldrebesean izan dute txakalaldia. Gozatu ezinda aritu zen Olaizola, lotuta eta ideiarik gabe, partidak ihes egiten ziela ikusi eta konponbiderik topatu ezinda. Kalte egin zion Zearrari Ogetako zoru biziak, ez zuen bestetan bezala pilotarik kentzen asmatu, eta, tanto gutxi galdu arren, ez zuen sekula nagusitzea lortu. Gutxi akordatzen dira horrelakoetan txapelketa guztian eman duten mailaz, baina akordatu behar gara Olaizola I.aren pareko eskuin kolpe erabakigarririk ez dela ikusi, eta Zearra bezain atzelari erregular eta osorik ere gutxi. Bakoitzari berea.