Eñaut-Atain vs Aaron-Uranga: 15-10, 13-15, 5-4
BARANDIKA-BASQUE vs OLHARAN-ZABALA: 15-13, 10-15, 5-1
Partidu serioa, gogorra eta oso maila altukoa. Halakoxea izan da Markina-Xemeingo Grand Slameko lehen finalerdia. Partidu ederra jokatu dute lau pilotariek eta Barandikaren hiru errebotek erabaki dute azkenean finalerako txartela. Esku eskura etorri zaizkio hiru pilota desenpatean eta gernikarrak errebotez ez du barkatu. Asteburu bikaina Barandikarentzat. Ostiralean Goikori Masterra kendu zion Zumaian eta gaur finaletik kanpo utzi du Zabala Markina-Xemeinen. Oso maila altuan ari da jokatzen Barandika eta halaxe ari da erakusten partiduz partidu.
Esan bezala, serioa eta gogorra ere izan da gaurkoa. Erremate gutxi ikusi dugu, batez ere partidaren lehen zatian. Piloteo asko, pilota zail asko eta huts gutxi. Lehen deskantsura gorriak iritsi dira aurretik (8-6). Zabalak tanto batera jarri ditu urdinak pilota txulara botata (8-7) eta berdinketa lortu du pilota atzeko zuloan bikain jarrita (10-10). Hamabina eta hamairuna ere berdindu dute. Nabarmentzekoak Barandikaren errebote bat (12-11) eta Olharanek errebotetik barruan suabe-suabe utzitako beste pilota bat (13-13) publikoa altxarazi duena. Hamalaugarrena Barandikak lortu du, barruan, eta hamabosgarrena ere gorrientzat izan da, nahiz eta aurretik Zabalak ez-sinisteko pilota bat eraman duen (15-13).
Bigarren seta lehena bezain gogorra izan da. Urdinek aldeko izan dute oraingoan markagailua. Olharanek partiduro egiten ditu gauza harrigarriak. Gaurkoan pilota itzel bat sartu du, bote-prontoan eta hankak airean dituela, jarraian txapa gainean bikain amaitzeko (2-3). Basquek kontrakantxan preso hartu du Bearnoko aurrelaria eta txapa gainean moztuta tanto ona lortu du (3-3). Horren ondoren etorri dira Olharanen bi hormabikoak. Biak ere albotik botata. Bigarrena, ezkutatu egin du gainera. Atzelariek ere ez zuten gutxiago izan nahi. Zabalak txulara perfekto eta tanto (4-6) eta Basquek hurrengo tantuan gauza bera eginez erantzun (5-6). Seina eta zazpina ere berdindu dute baina hortik aurrera urdinak nagusi markagailuan eta jokoan (10-15). Desenpatea azkarra izan da. Pilota bizituta dagoela Zabalak errebesez luze bota du, pilota asko atera da hiru alditan eta Barandikak errebotez lortu du finalerako txartela.
Lehen partiduan Eñaut Urreisti mutrikuarra eta Atain markinarra nagusi. Aurrelari gizpukoarra nerbio handiko pilotaria da, bizia. Lehen setean gorriak nagusitu dira (15-10) eta bigerranean 7-1 joan dira aurretik, baina ihes egin die eskutatik (13-15). Sakearekin larri ibili da Eñaut baina azkenean berak erabaki du partida (5-4). Partida amaitu eta biharamunean Mexikorako hegazkina hartuko du, hilaren 5tik 15era bertako txapelketan parte hartzeko. Zorte on Mexikora doazen guztiei!
Datorren astean LARUNBATEAN izango da Markina-Xemeingo jaialdia. Bigarren finalerdian ARBE-LEKERIKA eta ERKIAGA-IBARLUZEA lehiatuko dira. Lekerika lesionatu egin zen bigarren jardunaldian eta aste honetan probatuko du, jokatzeko moduan dagoen ala ez erabakitzeko.
Domeka izan arren, jende asko batu gara gaur frontoian. Datorren larunbatean are gehiago izango gara.