BARANDIKA ETA ETCHETO, KATEDRALA KONKISTATU NAHIAN

Uztailak 30ean, 21:00tah. 

Gernika Grand Slam, ligaxkako 2. partidua.

OLHARAN-LÓPEZ vs BEASKOETXEA-ZABALA

HORMAETXEA-AIMAR vs BARANDIKA-ETCHETO(Sarreren %75 dagoeneko salduta)

Xabi Barandika eta Nicolas Etcheto sasoi betean daude. Adina ere, pilotan jokatzeko onena daukate. Gernikarra 1990ean jaioa da eta aheztarra 1991n. Pilotari onak izatera deituak dira bai bata eta bai bestea gazte gaztetatik. Hala ere ez da erraza izaten ari aurreko belaunaldi ikaragarri on horri gailentzea. Hala ere, batzuk, adinagatik, beherantz doazen neurrian, Barandikak eta Etchetok pausu bat eman dute aurten aurrera.

Jai Alai World Tourreko lehen Grand Slama, Donostiakoa, eurentzako izan zen ekainean. Konfiantza hartu zuten Karmelo Baldan. Markina-Xemeinen, finalera heldu zen Etcheto eta finalerdietan jausi zen Barandika. Bata Olharanekin eta bestea Del Riorekin. Baina Gernika, Gernika da. Zesta-Puntaren Katedrala. Zesta puntaren garai historiko berri honetako sinbolo nagusia. Zesta-zaleen atentzio gehien pizten duena. Denek irabazi nahi duten plaza, hori da Gernika.

Txapelketa hasi baino lehen, Barandika eta Etcheto faborito izango ziren Hormaetxea eta Aimarren aurka. Baina orain, lehenengo jardunaldia ikusi eta gero, zer esan? Aimarrek itzelezko partidua jokatu zuen Goikoetxea eta Basqueren kontra eta Etcheto ez da partidua «apurtuko» dion aurkari bat. Aurrean berriz, Hormaetxeak ikuskizuna eman zuen pasaden astean baina Barandikari tantoa sartzea, zailagoa izango da. Hala ere, partidua irabazi nahi duenak, aurrean arriskatu beharko du.

Barandika eta Etcheto momenturik onenean dauden bi pilotari dira. Zesta puntarako ezaugarri tekniko bikainak eta fisiko itzela uztartzen dituzte. Parean berriz, kirol honekiko afizio ikaragarria duten bi pilotari izango dituzte. Eusko Basqueren sasoietatik ezagutzen direnak eta adinean gora egin arren, euren aukeren zain, sekula etsi ez dutenak. Zesta-punta ikaragarri maite dute Alexek eta Aimarrek eta zerbaitengatik daude dauden lekuan. 

Zesta-punta, Jai Alaia, Euskal Herrira gelditzeko etorri da. Hemendik kanpoko txapelketak anekdota huts bihurtu dira. Euskal Herrian burua sartu nahi duenarentzako eskaparate txiki bat dira. Ibarluzearen kasua da. Hala izango dira aurrerantzean ere. Ohorea etxean irabazten baita. Kirolariak Euskal Herrian lortzen du errespetua eta zaleen (eta kameren) errekonozimendua. Neguan, Winterra izan da pilotariak lortu zezakeen handiena. Uda partean, Gernikako Grand Slama izango da.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE