* Barandika eta Lopez dira Jai Alai Leagueko txapeldun berriak, Sorozabal anaiei 13-15, 15-13 eta 3-5 irabazita.
* Lopez zumaiarrak iazko arantza atera du eta bere lehenengo Liga eskuratu du partida osoan pilota bakarra galduta.
* Finaletik kanpo geratu arren, Aritz Erkiagak denboraldiko pilotari onenaren «aginte makila» jaso du.
* Asteazkenean aurkeztuko da Gernikan (11:30tan) denboraldi berriko lehen txapelketa: Eusko Label Winter Seriesa
Esperientzia eta sendotasuna. Hauek izan dira Barandika eta Lopezen ezaugarri nagusiak Jai Alai Leagueko finalean txapela janzteko. Lehen seta irabazi ondoren, zumaiarrak argi adierazi du ETBk eginiko elkarrizketa laburrean: «gure helburua, besteek baino pilota bat gehiago sartzea da eta Johan jokoz kanpo uztea». Lehen helburua bete dute eta hori nahikoa izan da, emozio eta kalitate handiko final estua eskuratzeko.
Ez zuen ematen, finalak emozio asko izango zuenik. Barandika eta Lopez faboritoak 0-5 eta 1-6 jarri dira aurretik. Biarritzko bi anaia gazteak (22 urte Johanek, 23 Gorkak) urduriago kantxaratu dira, hutsak eginez. Baina lehen tantua errebesez egin du Johanek, indarrez eta ezker horman ondo baztertuta (1-5) eta pilota bizia atera dute, ahalik eta lasterren. Dena esate aldera, toke askoko eta soinu ederreko pilotak izan dira finalekoak. Barandikak eta Lopezek pilota berria nahi izan dute. Motelagoa, piloteoan erosoago aritzeko. Lapurtarrek aldiz, biziagoa. Partida apurtzeko. Apurtu ez dute egin, baina erreakzionatu dute. Atsedenaldirako 6-8 urreratu dira. Gorkak hormabiko ederra sartu du markagailuan 9-11 jartzeko. Johanek erritmo bizia eman dio jokoari, pilota abiaduran mugituz eta tantu batera jarri dira hiru aldiz: 11-12, 12-13 eta 13-14. Hala ere, aurrean bikote horiaren sendotasunarekin egin dute topo eta hauntzat izan da lehen jokoa. Huts gutxiago egin dituzte eta pilotakada eraginkorragoak jaurti dituzte.
Bigarren jokoan, 1-0 hasi dira gazteak aurretik. Momentu batzuetan, prezipitatuta ere aritu da Johan errematean eta hor zen Barandika, pilotara iritsi eta txapa gainekoa jaurtzeko. Aipatzekoak Lopezek sartutako pare bat txula ere. Zumaiarrak, 40 urterekin, maila bikaina ematen jarraitzen du. Fisikoki oso ondo dago eta Ezkurdin hanka-geldian joka dezake. Bote-pronto batzuk gorputza ia mugitu ere egin gabe sartu ditu, toreroen moduan. 7-8 iritsi dira atsedenaldi laburrera faboritoak baina 12-12 berdindu eta gero, 13-13 egin dute eta Johanek eta Gorkak seta ixten jakin dute. 13-15. Ezkurdiko harmailak, goi eta behe, zoratzen eta gehiago ikusi nahian.
Desenpatea bost tantura da baina ez du zorteak edo zoriak erabakitzen. Tantu horiek ondoen kudeatzen dituenak irabazten du. Akats gutxien egiten dituenak. Errematatuz gero, zehatzagoa denak. Iparraldekoek izan dituzte euren aukerak, baina gaztetasunak esperientziarekin egin du aurrez aurre top. 0-2, 1-3, 3-3 eta 3-5 amaitu da hirugarren eta azken jokoa. Azken tantuan, Johanek arrisku handiak hartu ditu eta horma bikoa bota du urrunetik. Pilota justu-justuan baina kontrakantxara joan da. Kexatu egin dira bi anaiak, ona izan dela eskatuz baina ETB-ko errepikapenak ere epaileei eman die arrazoia. Aurreko tantuan, aukera ona izan du Johanek baina Barandikak harrapatu eta txokoan bikain moztu dio. Gauzak normal badoaz, izango dute aukerarik txapelak irabazteko. Joko maila gorenera iristeko, esperientzia eta sendotasun pixkat falta zaie. Gaitasuna eta gogoa, soberan dituzte.
Sari emate ekitaldian, Jai Alai League-ko ordezkariek «aginte makila» eman diote Aritz Erkiagari, denboraldiko pilotari onenaren sari moduan. Ligako txapela irabazi ez arren, bera izan da urte osoan agintea izan duena. Ikusiko dugu, denboraldi berrian, inork «makila» kentzen dion. Jaialdiko lehen partiduan, Urreisti eta Lekerika izan dira garaile, 15-10 eta 15-13 Urrutia eta Del Rioren aurka. Lekerika gernikarra, lesiotik bueltatu berri, sentsazio onekin ikusten dugu asteazkenean aurkeztuko den Winter Seriesaren atarian.