BARANDIKA-LOPEZ, FABORITO MARKINA-XEMEINGO FINALEAN

Grand Slameko finala (ETB 1, 22:15tan)

Jai Alai Leagueko 9. proba

BARANDIKA-LOPEZ vs OLHARAN-IBARLUZEA

Ondoren: Arbe-Salegi vs Celaya-Atain

Uztailaren 16a, Karmen eguna gaur Markina-Xemeinen. Egun handia bertako herritarrentzat eta Grand Slamaren final handia gainerako pilota-zaleentzat. Barandika eta Lopez, Olharan eta Ibarluzearen aurka. Azken honek, herriko semeak, bigarren urtez jarraian lortu du Markina-Xemeingo finalera iristea. Iaz Erkiagarekin galdu zuen, Barandika eta Basqueren aurka. Baina aurreko hiru urteetan ere, bigarren mailako txapelketako finalean izan da Ion. Beraz, bost urte dira guztira, herriko egun handian final batean dagoela. Herritik kanpora, Winter Serieseko eta Bilboko Iron Cup-eko aurtengo txapelduna da, biak ere Aritz Erkiagarekin lortuta. Jean Olharanekin ere txapelketa ona jokatu du eta faborito izan ez arren, finalean daude. Helburuak, sobera beteta.

Txapelketa ez zen ondo hasi Jean eta Ion-entzat baina Paueko aurrelaria behetik gora etorri da eta ikuskizuna ematen amaitu du, batez ere Laduche eta Basqueren aurkako finalerdi gogor hartan. Bi lapurtar hauek izan dira, hain zuzen, Barandika eta Lopezi irabazi ahal izan dioten bakarrak.

* Olharanek, hiru partidu 24 ordutan

Momentu honetan, Jai Alai Leagueko lau txapelketa ari dira aldi berean jokatzen. Jean Olharanek Biarritzeko 1. Masterra irabazi du bart Thibault Basquerekin (15-11, 15-10 Tambourindeguy eta Porteten aurka). Gaur arratsaldean Markina-Xemeinen jokatu du eta gauean Donibane Lohizuneko 2. Masterreko finalerdia: Olharan-Etcheto vs Tambourindeguy-Basque.

Ikusteko beraz nola kudeatzen duen Pauekoak bere gorputza eta nola neurtzen dituen indarrak. Finalerdietan garaipena lortu ostean adierazi zuen, Barandika eta Lopez garaitzeko gehiago arriskatu beharko zutela. Gehiago arriskatseak, huts egiteko margen handiagoa esan nahi du, baina ez dago besterik, egungo bi pilotari onenetakoei irabazi ahal izateko.

Finalaren ordutegia

Unibertsitateko ateak 17:15tan irekiko dira eta finala 18:00tan puntuan hasiko da. Euskal Telebistak bere lehenengo kanalean emango du, gaueko 22:15tan hasita. Finalaren ondoren, bigarren partidu bat jokatuko da herriko lau pilotarirekin: Arbe-Salegi vs Celaya-Atain.

MUTRIKU ETA GERNIKA

Gaur eguerdian (12:00tan) Mutrikuko Master Seriesa aurkeztuko da Gipuzkoako kostako udalerri honetan. Txapelketa hau ez da Ligarako puntuagarria.

Gernikan, ostegunean izango da Grand Slamaren aurkezpena (12:00tan) Jai Alai pilotalekuan. Txapelketa larunbatean hasiko da eta sei bikotek jokatuko dute. Hauetako bat, aurre-kanporaketa fasetik sailkatuko da eta postu hori ostegunean bertan erabakiko da, arratsaldeko 19:00tan: Arbe-Urrutxua edo Urreisti-Zabala.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE