BARANDIKAREN ITZULERA BIKAINA GASTEIZEN

ARABA EUSKARAZ MASTER SERIES

2. FINALERDIAK

Emakumeen Masterra:

MAITE-ARAI vs ELAIA-FRIDA: 15-10, 15-12

Gizonezkoen Masterra-Jai Alai League:

BARANDIKA-LEKERIKA vs LADUCHE-ZABALA: 15-8, 15-7

Ia bederatzi hilabeteren ondoren, beldurrak kendu eta konfiantza hartzen joatea zen Barandikaren gaurko asmoa. Bada partida ikusi ondoren, lesionatuta egon ez balitz bezala jokatu duela esan behar dugu. Xabiren lesio luzeak zalantza eragiten zuen pronostikoetan baina berehala aldendu ditu zalantzak bikote gernikarrak.

Oso ondo ikusi zaio Olabe pilotalekuan Barandikari. Konfiantzaz joan da erremateen bila, beldurrik gabe joan da lasterka txapa gainekoak altxatzera… gaurkoan behintzat, ez dugu ezberdintasunik igarri, lesio aurreko Barandikaren eta lesio ostekoaren artean. Lekerikak berak ere partidu oso ona jokatu du, bikain aritu dira bi lagunak eta Laduche eta Zabalak berriz, partiduko momentu askotan galduta ibili dira eta akatsak egin dituzte.

Emakumeen Masterrean, partidu polita jokatu dute lau protagonistek. Haieratik Maite Ortiz de Mendibil eta Arai Lejardi izan dira nagusi. Momentu baten markagailuan hurbildu zaizkie Elaia Gogenola eta Frida Watkins baina bikote marroiak oso seguru jokatu du eta ondo errematatzen Andetxako aurrelaria. Elaia berriatuarrak ere ondo jokatu du, beste behin ere erremate ederrak egin ditu baina ezin izan du partidua nahi bezala lehiatu. Frida zumaiarrak apur bat behera egin du eta Maitek eta Araik lortu dute finalerako txartela.

Finalak datorren ostiralean jokatuko dira, arratsaldeko 19:00tan hasita:

ERIKA-NAROA vs MAITE-ARAI

ERKIAGA-DEL RIO vs BARANDIKA-LEKERIKA

Aritz Erkiagak 15 partidutik 15 irabazi ditu Jai Alai Leaguen. Datorren astean ikusiko dugu bere boladak jarraitzen duen. Ostegunean Cesta All Star-eko finala Donibane-Lohitzunen (Erkiaga-Zabala vs Laduche-Lekerika) eta ostiralean Gasteizkoa (Erkiaga-Del Rio vs Barandika-Lekerika).

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE