Koka ez zen izan espero bezain kontrario arriskutsua, eta Esainekin ariko da Leitzakoa hurrena
E. TELLERIA / Sudouest
Espero baino partida kaskarragoa irten zen herenegun gauean Oiartzunen. Oreka gehiago espero zen markagailuan, baina 41 minutu eskasetan utzi zuen Abel Barriolak erabakita Juantxo Kokaren kontrakoa. Bi arrazoi daude orekarik eza azaltzeko: Barriolaren hutsik gabeko joko sendoa eta Kokaren inspirazio falta eta ezker esku ahula.
Berak nahi zuen bezala irabazi zuen Abel Barriolak: itxura ona emanda. Sakeari abiadura eman zion, lau t’erdiko arrastoaren mugan erabili zuen pilota luze, baztertu egin zuen, eta arin mugitu zen kantxan batera eta bestera. Konfiantzaz; garai batean bezala. Gustura sumatu genuen. Egiten ari zenaren jakitun uneoro. Estu ez sekula, eta defentsan aritu behar izan zuenetan ere eroso. Ez zuen tantoak aurrean bukatzeko behar handirik izan kolpez eta baztertuta erabaki zituelako asko, baina asmatu zuen horretan ere. Juantxo Kokak berak galdu zituen alferrik beste asko.Ezin zaio Barriolaren jardunari meriturik kendu, baina Kokak atzo ez zuen batere itxura onik eman. Hasieratik aritu behar izan zuen kontrarioaren mende, baina ez zuen sekula asmatu kontra egiteko formularik. Sakeak errestatzen aritu zen ongi, baina beste ezertan ez hortik aurrera. Izan zituen aukera apurretan, ez zuen asmatu eskuinez kontrarioa mugitzen, eta defentsan aritu behar izan zuen guztietan agerian utzi zuen jakina zen gabezia nabarmen bat: ezker esku ahula. Hasi eta berehala egin zion ihes Barriolak, eta partidak kanpora aritu zen hortik aurrera uneoro.Abel Barriolak Iñaki Esainen kontrako jokatuko du hurrengo partida, final-zortzirenetakoak.
BARRIOLA 22
KOKA 7
Iraupena: 41 minutu (partidarena). 10:43 minutu (jokoarena).
Pilotakadak: 187.
Saketik: Sei eta falta bat Abel Barriolak. Tanto bakarra saketik Juantxo Kokak.
Pasak: Barriola bi aldiz pasatu zen lau t’erdiko arrastotik. Koka hiru aldiz pasatu zen lau t’erdiko arrastotik.
Markagailua: 0-1, 6-1, 6-2, 7-2, 7-4, 15-4 eta 22-7 .
Bestelakoak: Jendetza bildu zen Oiartzungo Madalensoron. Jaialdiko bigarren partida Titin III.a-Elkorok irabazi zuten Capellan-Pascualen kontra (22-8).