Aspek eta Asegarcek elkarrekin antolatuko dute Nafarroako lau t’erdiko torneoko finala
Aspek eta Asegarcek euren liskarra egun batez alde batera utziko dute. EPELen aldetik konfirmazio ofizialik egon ez den arren, herenegun euren arteko elkarlana bertan behera gelditzen zela onartu zuten bi enpresek komunikabideen bitartez. Halere, eta enpresa bakoitzak segur aski sanferminetako feria bere aldetik antolatuko duen arren, Lau t’erdiko torneoko finala batera antolatuko dute.
Ferian batera ariko diren erabakitzeke badago ere, lehen egunean Aspe eta Asegarce ados egongo dira. Lau t’erdiko torneoa abian dago, eta feriako lehen jaialdia oparoena izaten denez ez dute zapuztu nahi. Gainera igandean Irujok Enrike Galarzari irabazten badio buruz buruko finalistak elkarren aurka ariko dira San Fermin egunean. Horrelako pagotxa edozein liskar baino gehiago da.
Aspe enpresatik atzo ziurtatu zutenez, bi enpresek batera aurkeztuko dute feria bihar, eta orduan azalduko dituzte liskarraren gorabeherak. Atzo enpresetako ordezkariak telefono bidez hizketan aritu ziren. Buruen arteko harremana joria da, eta baliteke liskarra konpontzea. Era berean, iturri berek enpresen arteko desadostasuna ez dela hedabideetan agertu den hainbestekoa adierazi zuten.
San Fermin Torneoa bereizita jokatuko dute bi enpresek (Gara)
ETBk zabaldu zuen informazio hori, nahiz eta alde bateko eta besteko adierazpenek zentzu horretan pentsatzera bideratu. Patxi Mutiloa Aspeko gerenteak GARAri eginiko adierazpenetan, aurkezpena batera egiteko asmoa azaldu zuen. «Gure arteko erlazioa ez da batere ona, baina aurkezpena bi enpresetako pilotariek batera egingo dute. Gero, bertan esango ditugu esan beharreko guztiak», esan zuen Mutiloak. Bestalde, Asegarcek ere aurkezpe- nerako deialdi bateratuari eutsi dio webgunean.