Txapelketa bihar abiatuko da Zumaian eta Berriatuan, eta irailaren 11n amaituko da
Jon LEUNDA / Gara
Bederatzi pilotari arituko dira azken sasoian nagusitasun osoa erakutsi duen Goikoetxeari txapela kendu nahian bihar abiatuko den Bakarkako Txapelketan. Zumaiarrarekin hamar pilotari izango dira, eta bera izango da laugarren aldiz txapela janzteko hautagai nagusia.
Hamar pilotari hauetatik, bi izango dira multzoburuak: Goikoetxea bera eta Bereikua. Bi pilotari hauek finalerdietan ekingo diote lehiaketari. Txapelketa bihar bertan abiatuko da Zumaian eta Berriatuan, bi pilotaleku horietan jokatuko baitira final-zortzirenak.
Zumaian, Alberdi II.a eta Goixerri lehiatuko dira lehen partidan, eta Lopez eta Egiguren II.a izango dira nor baino nor bigarrengoan. Berriatuan, Andoni Arriagak eta Etxalusek neurtuko dituzte indarrak lehen partidan, eta Landerrek eta Konpak bigarrenean.
Pilotariek ez dute atsedenerako beta handirik izango, larunbatean bertan jokatuko baitira final-laurdenetako bi partidak. Mutrikun, Zumaiako eta Berriatuako lehen partidetako irabazleak neurtuko dira, eta Zumaian, berriz, bigarren parti- detako garaileak izango dira aurrez aurre.
Finalerdiak irailaren 10ean jokatuko dira, Zumaian eta Berriatuan beste behin. Mutrikuko irabazleak Goikoetxea txapeldunaren aurka neurtuko ditu indarrak Gipuzkoako herrian, eta Zumaiako irabazleak Bereikuaren aurka jokatuko du Bizkaikoan. Finalerdietako bi irabazleak irailaren 11n lehiatuko dira Donostiako Karmelo Balda pilotalekuan.
Gaur egun, zestan, bi enpresa profesional daude Euskal Herrian: Eusko Basque eta Jai Alai Sport. Hala ere, lehen enpresakoak bakarrik lehiatuko dira Txapelketa honetan. «Besteek uko egin diotelako», atzo aurkezpenean esan zutenez.
Lehiaketa amaitzen denean, Binakakoa jokatuko da, eta ordurako ere Jai Alairi deia egin omen diote, baina baldintzak ez baditu betetzen ez diotela parte hartzen utziko esan zuten Euskadiko Federaziko kideek. Hauen esanetan, enpresa berriak Frantziako Federazioaren bidez egin ditu lizentziak eta ez Euskadikoaren bidez, eta Euskal Herriko Txapelketan parte hartzeko hori ezinbestekoa izango da.
Bestalde, eskuz jokatu ahal izateko Deportivo berritu behar dutela zabaldu da, eta horren inguruan Aitor Totorikak, Eusko Basqueko nagusiak, oso haserre dagoela onartu zuen. «Horrek pala hil egingo dutela esan nahi du. Kirol honen egoera oso txarra da, eta orain bultzatu nahian eta zulotik atera nahian gabiltzanean hau egiten badute, akabo», esan zuen.